Laburo España: 250.000 ofertas de empleo
TORTURAREN KONTRAKO TALDEA

TORTURAREN KONTRAKO TALDEA

Grupo contra la tortura de Santurtzi (Euskal Herria).

Sábado, 17 de noviembre de 2007

Tortura ukatzeari uzteko eta neurriak hartzeko eskatu dio AIk Espainiari (II).

Joxe Arregiren kasua jasotzen du Amnesty Internationalek txostenean. Polizia errudunek zigor egokirik jaso ez, eta, gainetik, lanpostu hobeak lortzen dituztela salatu du.



Joxe Arregiren kasuari erreferentzia egiten dio Amnesty Internationalen (AI) txostenak. Zigor egokien ezarpen eza izeneko atalean jasotzen du AIk auzi hori, eta torturak egitea egotzitako poliziei ez zaizkiela «delituaren larritasunari egokitutako zigorrak» jartzen salatu du. Horrek poliziek «inpunitatez» jokatzea dakarrela uste du AIk. Gainera, Arregiren kasuan zigortuak lanpostu hobeak emanda «saritu» dituztela salatu du.

Espainiako Poliziaren eskuetan bederatzi egunez inkomunikatuta egon ostean hil zen Arregi, 1981ean, Carabancheleko espetxean. Hil aurretik Arregik berak beste preso politiko batzuei honakoa esan zien: «Oso latza izan da!». Espetxera eraman zutenean egin zioten mediku azterketan torturen zantzuak agertu ziren, tartean, ubeldura handiak, eta erredurak hanketan.

1983an auzi horretan epaitu eta zigortutako Juan Antonio Gil Rubiales poliziarekin eta izenik aipatzen ez duen beste polizia batekin gertatutakoa jasotzen du txostenean AIk, eta Gil Rubialesi postu hobea eman izana salatzen du. AIk izenik aipatzen ez duen bigarren polizia hori Julian Marin Rios da.

Madrilgo Lurralde Auzitegiak birritan absolbitu ostean Espainiako Auzitegi Gorenak zigorra jarri zien bi poliziei, 1989an: hiru hilabeteko atxiloaldia eta bi urtean lanean aritzeko eta soldata jasotzeko debekua Gil Rubialesi; eta hiru hilabeteko atxiloaldia eta beste hainbeste urtean lanean aritzeko eta soldata jasotzeko debekua Marini. 1992an lanera bueltatu ostean, lanpostuz hobetzen joan zen Gil Rubiales. Aurrena, Kanaria Handiko Esku-hartze Unitateko buru izendatu zuten (1996an), Tenerifeko Arona herriko polizia buru gero (2003an), eta azkenik, Tenerifeko probintziako komisario (2005ean). AIk bere txostenean aipatzen ez duen arren, Gil Rubiales poliziako beste 11 inspektorerekin batera zigortu egin zuten 1985ean, makilekin eta kateekin Mikel Zabalzaren heriotzaz protesta egiten ari zirenak jipoitzea egotzita.

AIk Gil Rubialesen auzia bakarrik aipatzen duen arren, postu hobeak lortu dituzten polizia gehiago ere badaude Arregiren auzian, Torturaren Aurkako Taldearen (TAT) arabera. Joxe Arregi torturatzea leporatuta bere kontrako auzia abian zela, Poliziaren Artezilari Taldearen buru izendatu zuten 1987an. 1989an atera zen bere kontrako epaia. Gaur egun, Espainiak Ekuadorren duen enbaxadan egiten du lan, eta Espainiako Barne Ministerioari atxikia da. Lehen komisario nagusia ere bada.

BESTE HIRU POLIZIA. Joxe Arregi torturatzeaz akusaturik Gil Rubiales eta Marin Rios bakarrik epaitu zituzten arren, Madrilgo Giza Eskubideen batzordearen arabera, 73 poliziak hartu zuten parte Arregiren galdeketetan. Haietako bost atxilotu egin zituzten hasiera batean: Gil Rubiales, Marin, Juan Antonio Gonzalez, Juan Luis Mendez eta Ricardo Sanchez. Polizia buruek plantoa egin zuten horregatik. Bada, Polizia Judizialaren komisario nagusia da egun Juan Antonio Gonzalez; Mendez ere komisario izendatu zuten atxilotu eta urte batzuetara, eta 1994an Madrileko Hiri Segurtasuneko Lurralde Brigadaren buru zen. Sanchez da bost horietatik komisario izatera iritsi ez den bakarra, baina hark ere postu garrantzitsuak bete ditu inspektore nagusi gisa. TATek salatu duenez, Manuel Ballesterosen aginduetara aritu ziren haiek guztiak. Gerra zikinaren kapitulu batzuetan azaldu izan da Ballesterosen izena.

Nazioarteko araudia bete gabe.

Kepa Urraren kasuan tortura salaketatik abiatuta hiru guardia zibil zigortu zituzten arren gero haiek indultatu egin zituztela salatu du AIk.

Kepa Urraren torturen gaineko auziari ere egiten dio erreferentzia Amnesty Internationalen txostenak. AIk gogora ekarri du Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Giza Eskubideen Batzordeak 1996an nola agertu zuen «kezka» Espainiako autoritate publikoak tortura salaketak ez dituelako «beti» ikertzen, eta gainera, norbait zigortzera iristen badira, askotan indultuak izaten dituztelako, edo espetxetik ateratzen direlako.
Esandakoa argudiatzeko, Kepa Urraren kasuari erreferentzia egiten dio AIk. Zehazki, NBEren batzordeak auzi horri buruz ateratako ebazpen bat jasotzen du.

Guardia Zibilak atxilotu zuen Urra 1992ko urtarrilean. Guardia Zibilaren esku egon zen egunetan tortura gogorrak jasan zituela salatu zuen Urrak, besteak beste, aparteko eremu batera eraman eta egurtu egin zutela. Erietxera eraman behar izan zuten gero.

Tortura salaketa hura epaiketara joan zen, eta Bizkaiko Lurralde Auzitegiak lau urteko espetxe zigorra, sei urteko inhabilitazioa, eta espetxealdian beren funtzioen suspentsioa jarri zien hiru guardia zibili, 1997an. Baita Urrari milioi erdi pezetako kalte ordaina ordaintzekoa ere.
Espainiako Fiskaltzak helegitea jarri zuen Auzitegi Gorenean. Espetxe zigorrak gutxitzeko eskatu zuen, eta halaxe egin zuen Auzitegiak 1998an ateratako epaian. Auzitegiak onartzen zuen Urra torturatu egin zutela, baina medikuek egindako aurrenengo artatzean osatu zela esan, eta nahikoa iruditu zitzaion urtebeteko zigorra.

Zigor hori ere ez zuten bete. Espainiako Justizia Ministerioak indultua eskatu zuen hiru guardia zibilentzat, eta eman egin zien Ministroen Kontseiluak 1999an, Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburuak haiek Moncloan hartu ondoren. Hilabete eta egun bateko inhabilitazioa jarri zieten. Guardia zibiletako batek lanean jarraitu zuen denbora horretan ere.

NBEko Batzordearen arabera, erabaki horrekin nazioarteko legedia urratu zuen Espainiak. Hain justu, tortura ekiditzeko neurririk ez hartzeagatik, Tortura eta Tratu Anker, Gizagabe eta Umiliagarrien Kontrako Hitzarmenaren 2. artikulua ez betetzea egotzi zion. Gainera, zigorrak gutxituta, konbentzio horren 4. artikulua urratzea ere leporatu zion NBEk Espainiari, han jasotzen baita, tortura ekintzak larritasunaren arabera zigortuko direla bermatu beharra. 14. artikulua betez torturatuak jaso beharreko kalte ordaina Urrak ez zuela jaso ere salatu zuen.

JARRAITZEKO «ARRISKUA». AI kezkatuta dago, ikerketak ez direlako ez zehatzak eta ezta inpartzialak ere. Iritzi publikoak funtzionarioak legearen gainetik daudela pentsatzeko arriskua dagoela uste du, eta gainera, txostenean jasotzen dutenez, «justiziaren ekintza saihesten dutenek atxilotutako pertsonei tratu txarrak ematen jarraitzeko arriskua» ere badago. Gainera, AIren ikerketan horrelako kasuak agertu direla ohartarazi dute.

TATek salatu duenez, Kepa Urraren tortura kasuarekin lotutako sei guardia zibiletatik bostek, «estrategikoki garrantzitsuak» diren postuak betetzen dituzte. Manuel Sanchez Corbi Espainiako Poliziaren eta Frantziakoaren arteko koordinazioaren arduradun zen 2002an. Urra torturatu zuen garaian tenientea zen, eta auziak aurrera egin ahala postuz hobetzen joan zen; indultatu bezain pronto komandante izendatu zuten. Urraren torturen kasuan indultatu zuten Jose Maria De las Cuervas Carreterok Espainaren ordezkari gisa nazioarteko kongresuetan parte hartzen du, eta gainera, 2001ean indultoa jaso ondoren, Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Komiteko kideak hartu zituen haiei Espainian torturarik ez dela esateko. Alejandro Hernandez Mosquerak Parisko enbaxadan ari da. Diego Perez de los Cobosek Guardia Zibilaren Zuzendaritza Orokorreko Estatu Nagusian da, eta Espainiako Barne Ministerioko Segurtasunerako kabinetean aholkularia da. Arturo Prieto Bozec, berriz, Murtziako komendantziako burua da.

Referencias

URL para referencias

Comentarios

Comentar


Recordar datos

Miniblog

Búsqueda

 

Categorías

ARTICULOS / OPINION (346)
COORDINADORA para la PREVENCION de la TORTURA (17)
DENUNCIA (372)
DETENCIONES (166)
EPAIKETAK / JUICIOS (149)
General (5)
INDAR OKUPATZAILEAK / FUERZAS DE OCUPACION (58)
POLITICA (106)
PRES.O.S. (47)
SOLIDARIDAD CONTRA LA TORTURA (231)
TORTURA EN EUSKAL HERRIA (12)

Archivos

Noviembre 2009 (0)
Marzo 2008 (1)
Enero 2008 (3)
Diciembre 2007 (7)
Noviembre 2007 (20)
Octubre 2007 (14)
Septiembre 2007 (10)
Agosto 2007 (10)
Julio 2007 (12)
Junio 2007 (9)
Mayo 2007 (6)
Abril 2007 (5)
Marzo 2007 (6)
Febrero 2007 (7)
Enero 2007 (11)
Diciembre 2006 (11)
Noviembre 2006 (30)
Octubre 2006 (49)
Septiembre 2006 (22)
Agosto 2006 (6)
Julio 2006 (12)
Junio 2006 (22)
Mayo 2006 (4)
Abril 2006 (2)
Febrero 2006 (41)
Enero 2006 (181)
Diciembre 2005 (178)
Noviembre 2005 (224)
Octubre 2005 (83)
Septiembre 2005 (3)
Agosto 2005 (348)
Julio 2005 (96)
Junio 2005 (76)

Sindicación

RDF 0.91
RSS 1.0
XML/RSS 2.0
Atom 0.3

Créditos

Diseñado por Manu Contreras
Creative Commons License

LaInformacion.com lainformacion.com - Medio Oficial de los Premios Bitacoras 2009