Inkomunikazioa desagertzearen beharra berretsi dute EABk, EAk, EAJk, Aralarrek eta TATek.
Donostian atxilotutako gazteak espetxean inkomunikatu izana ez dute ontzat jo alderdi gehienek.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz espetxean inkomunikatuta jarraitzen dute joan den asteartean Donostian atxilotutako bost gaztek. Izan ere, Unai Perez, Egoi Alberdi, Pello Lamarka, Mikel Arretxe, eta Ekaitz de Ibero espetxeratzeaz gain, inkomunikazioa beste bost egunez luzatzea erabaki zuen Grande-Marlaskak ostiralean. Hortaz, egun hauetan konfiantzako abokatuak edo senideak ikusteko aukerarik ez daukate gazteek. Egoera horrek irauten duen bitartean atxilotuen giza eskubideak urratuak izan daitezkeela-eta, inkomunikazioa desagertzea beharrezkoa dela adierazi diote BERRIAri EAB, EAJ, EA eta Aralar legebiltzar taldeek, baita TAT erakundeak ere.
Hain justu, Torturaren Aurkako Taldeko eledun Aiert Larrartek azpimarratu du gazte horien abokatuek eskatu zutela Baltasar Garzon epaileak abiatutako protokoloa aplikatzeko atxilotuei, tratu txarrak saihesteko, baina Grande-Marlaskak ez duela onartu eskaera. Horren aurrean, Larrartek ulertezin iritzi dio giza eskubideak bermatzeko baliagarriak diren neurriak abiatzeari uko egiteari.
Inkomunikazio egoeran gazteek jasan dezaketen tratuagatik kezka agertu du TATeko arduradunak, uste baitu neurri hori aplikatzea tratu txarrak «ezkutatzeko» modua dela. Hala, atxiloaldian torturak jasan zituen Unai Romanoren kasua gogora ekarri du Larrartek, eta, inkomunikazioa, atxiloaldian jasotako tratu txarren «zantzuak» desagerrarazteko baliatu zela nabarmendu du.
Donostian atxilotutako gazteak jasaten ari diren tratuaz kezka azaldu dute, halaber, legebiltzar taldeek. Itziar Basterrika Ezker Abertzaleko parlamentarioak salatu du inkomunikazioa «beste tortura mota bat» dela, berau aplikatzen denean «giza eskubide guztiak» urratzen direlako.
EAJko legebiltzarkide Elixabete Piñolek ere inkomunikazioak desagertu behar duela azpimarratu du. «Gure ustez ez da bide egokia, beharrezkoak diren ikerketak inkomunikazioa erabili gabe aurrera eramatea posible delako». Piñolek gogoratu du nazioarteko giza eskubideen alde lanean dauden hainbat erakundek ohartarazi dutela inkomunikazioaldian giza eskubideak zapalduak izateko «arriskua» dagoela.
EAko Rafa Larreinaren irudiko, gisa horretako neurririk ez luke egon behar «zuzenbide estatu demokratiko» batean. «Inkomunikazioa eta salbuespen epaitegiak bateraezinak dira sistema demokratiko batekin», adierazi du.
LEGE ALDAKETA.
Inkomunikazioa desagertzeko ekimenak eta adierazpenak behin baino gehiagotan onartu ditu Eusko Legebiltzarrak. Duela bi aste, esaterako, inkomunikazioa ahalbidetzen duen Espainiako Prozedura Kriminalaren Legea aldatzeko lege ekimena onartu zuen Legebiltzarraren gehiengoak, Aralarren ekimenez. Neurri hori aurrera ateratzearen garrantzia azpimarratu du Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak, Espainiako legedia aldatzeko eskaria Legebiltzar osoaren izenean eramango baita gorteetara.
Nolanahi ere, Ezenarrok nabarmendu du Espainian ez ezik, Euskal Autonomia Erkidegoan ere ezinbestekoa dela inkomunikazioa ahalbidetzen duen legea aldatzea edo, ahal den neurrian, ez erabiltzea. Horretaz gainera, Ezenarrok uste du inkomunikazioarekin amaitzen ez den bitartean, legebiltzar taldeek «jarraipen estua» egin beharko lioketela inkomunikatuta dauden pertsonen egoerari. «Tratu txarrak ekiditeko ez bada, epaileekiko kontrol handiagoa bermatzeko balio izango luke».
Hirukoa, PSE eta PPk pauso hori emateari uko egin izana kritikatu du EABk. Hala, Basterrikak uste du «beldur izugarria» dagoela inkomunikazioaren aurka jarrera irmoa hartzeko, eta «edozein aitzaki» erabiltzen dela neurri jakinik ez hartzeko.
Espainiako legedia aldatzeko Legebiltzarrak onartutako ekimena «egokitzat» du Elisabete Piñolek, Kongresuak aldaketa onartuko ez duen arren, «hausnarketarako» bidea emango duelako. Halaber, gizartean ere torturaren aurkako «lan pedagogikoa» burutu behar dela uste du. Iritzi berekoa da Rafa Larreina: «Giza eskubide guztien aldeko konpromiso aktiboa hartzea da eskubideekiko errespetua bermatuko duen lege sistema lortzeko bide egokiena»
«Inkomunikazioa ez da bide egokia, beharrezkoak diren ikerketak neurri hori gabe egitea posible baita» Elisabete piñol-eaj-ko legebiltzarkidea.
«Beste tortura mota bat da inkomunikazioa, aplikatzen denean giza eskubideak urratzen direlako» Itziar basterrika-eab-ko legebiltzarkidea.
«Espetxean inkomunikazioa aplikatzea tratu txarrak ezkutatzeko modua da». Aiert larrarte-torturaren aurkako taldea.