Donostian atxilotutako bost gazte inkomunikaturik espetxera bidali ditu Grande Marlaskak.
Askatunak bere kezka agertu du inkomunikazioa aldia luzatu izanagatik.

Donostiako polizia operazioan atxilotu zituzten 7 lagunak epailearen aurretik pasatu ziren gaur arratsalde eta gau partean zehar. Grande Marlaska epailearen erabakia ondorengoa izan da:
- Julen Garmendia eta Jon Sardon baldintzarik gabe aske geldituko dira.
- Gainontzeko atxilotuak espetxera bidaltzeko agindua eman du epaileak, eta beraien inkomunikazio egoera beste bost egunez luzatuko da. Beraz datozen bost egunetan inkomunikatuak egongo dira.
Askatasunaren irakurketa.
7 euskal herritar atxilotu eta inkomunikatzen ditu espainiar poliziak. Defentsak beraien aurkako tratu txarrik egon ez dadin neurri zehatz batzuk eskatzen ditu, baina epaileak zuzenbide estatuaren izenean atzera botatzen ditu. Epailearen aurretik pasatzen dira eta gazteetako bost espetxera bidaliak dira, beste bost egunez mantenduko delarik bizi duten inkomunikazio egoera. Honen aurrean zera adierazten dugu:
- Pertsona hauek inolako defentsa eskubiderik gabe epailearen aurretik pasa eta espetxeratuak izateak eskubide urraketa izugarria suposatzen du, edozein demokraziatan eskandalu politiko argia izango zen eskubide urraketa.
- Inkomunikazioak duen esanahia ondo ikasia dugu gure herrian. Inkomunikazioak tortura ahalbideratzen du, eta inkomunikazioa baldin badago torturatzeko borondate politikoa dagoelako da. Inkomunikaturik egon diren egun hauetan izan dugun kezka areagotu baino ez zaigu egiten datozen bost egunetan inkomunikaturik jarraituko dutela jakiteak. Une hauetan bat egiten dugu atxilotuen familia eta hurbilekoak bizitzen ariko diren egonezin, kezka eta miñarekin.
- Giza eskubeen ukazio argia diren egoera hauekin amaitzeak konpromisoak eskatzen ditu. Inkomunikazioarekin amaitzeak konpromisoak eskatzen ditu. Gertaera hauen erantzule zuzena espaniar gobernua dela argi izanik, ezin ditugu ahaztu herritarrak inkomunikatuak eta torturatuak diren bitartean itsu, mutu eta gor egoten diren alderdi politiko eta instituzioak. Beraz, guzi hauei inkomunikazio praktikarekin amaitzeko urrats praktiko eta argiak eskatzen dizkiegu.
- Bitartean, jasaten ari garen errepresio guzi honen aurrean, antolatzeko eta mobilizatzeko deia egiten diogu herritarrei. Errepresioaren aurkako harresia eraiki behar dugu auzoz auzo eta herriz herri, egunotan gure herrian bizitzen ari garen eraso hauek geldituko dituen harresia.
Olatu erraldoi bat lehertu da Donostian atxilotuen alde.
Asteartean atxilotutako zazpi donostiarretatik bost inkomunikaturik daude preso, eta bertze biak aske utzi dituzte kargurik gabe. Horiei, azkenaldian Euskal Herrian gatibu hartu dituzten gainerako gazteei eta senide eta lagunei elkartasuna adierazteko mugitzen ari dira herritarrak egunotan. Manifestazio jendetsuenetakoa atzo arratsaldean egin zuten Bulebarren. «Aski da», erran zuten bertan bildutako ehunka gizon-emakumeek. «Berriz ere hainbat donostiar atxilotuak izan dira, berriz ere hainbat donostiarren giza eskubideak zapalduak izan dira, berriz ere gezurretan eta manipulazioetan oinarrituz hainbat gazte kriminalizatuak eta aldez aurretik epaituak izan dira. Berriz ere inkomunikazioa, mehatxuak, tratu txarrak, tortura».
Beren aburuz, azkenaldian izandako atxiloketa eta espetxeratzeak espainiar eta frantziar estatuek eta «beren morroiek» abiatutako gerra estrategiaren parte dira. Helburu argi bat dute: «Euskal Herriaren eta askatasunaren aldeko apustua egiten dugunok zapaldu eta txikitzea». Baina ez dutela beteko ziurtatu zuten manifestazioan parte hartu zutenek, herri honek aitzinera eginen duelako beti, independentzia eta sozialismoa lortu arte, amnistia eta askatasuna irabazi arte.
Ertzainen furgoneten urdina eta argazki kameren zuria nahasi egiten ziren manifestazioan, Bulebarretik Hernani kalera, Askatasun Hiribidetik Okendora. Txaloak eta garrasiak aditu ziren ibilbide osoan. Batez ere atxilotuak aska ditzatela eskatzen zuten oihuak ziren, baina bertzelakoak ere baziren: «Errepresioa ez da bidea», «Hemen torturatzen da», «A ellos la ley antiterrorista», «Independentzia», «Zuek ere txakurrak zarete»... Pankartaren aitzinean bi ertzain zihoazen oinez eta horietako batek manifestazioa gelditu zuen une batean, lema «iraingarririk» ezin zela erabili ohartarazteko. Baina eztabaida txiki baten ondotik aurrera egin zuen jende olatu handiak.