Francisco Etxeberria: «Gizakia gaiztoa da berez».
ELKARRIZKETA

Noiz entzun zenuen lehen aldiz Franco hitza?
Ez dakit, guri ez zitzaigun ezertxo ere kontatzen. Nik uste jarrera orokorra zela Euskal Herrian. Gerra ez zen gerra bakarrik izan, zoritxarrez gero diktadura bat ekarri zuen, eta ez hiru urteko diktadura, berrogeikoa. Gure gurasoen belaunaldia haurtzarotik heriotzara arte harrapatua gelditu zen. Beraz, haiek, gu babeste aldera, ez ziguten hitzik egiten. Eta nik gehiago jakin dut artxiboetan bila ibilita, etxean kontatutakotik baino. Artxiboetan nire familiari buruzko paperak ere aurkitu izan ditut. Eta pentsa, paper horiekin nire osaba zaharragoei zerbait galdetu izan diedanetan, haien erreakzioa: «Nola enteratu haiz hi horretaz?»
Eta hi nola enteratu haiz Intxaurrondon torturatu egiten dela?
Nahiz eta Intxaurrondo asko aipatu, garai hartan, tortura gehienak Antiguako auzoko Guardia Zibilaren Komandantzia zen hartan gertatzen ziren. Maiz izan nintzen han, nahiz eta trabak jartzen zizkidaten. Adibidez epailearen aginduz nentorrela zioen papera aurkeztu, eta: «Nola dakit nik paper hau benetakoa edo gezurrezkoa ote den?» botatzen zuten. «Baina, epaitegian eman berri didate, horra hor epailearen izenpedura» nik, «bai, baina izan daiteke faltsua» berak. Eta orduan komisariara idazkari judizialarekin joaten hasi ginen. Beste batzuetan joan, eta atxilotutako denak erakusten zizkidaten bi izan ezik. «Eta falta diren bi horiek?», «ez, horiek jada ez daude hemen, lekuz aldatu dira». Eta ziur egon nintekeen, epaiketa egin eta kartzelara pasatutakoan okerren egongo ziren biak erakutsi nahi izan ez zizkidaten bi horiek izango zirela. Ez baitzeuden erakusteko moduan. Hain zuzen hori izan zen arrazoietako bat Lasa eta Zabala hiltzeko. Lasa eta Zabala libre utz zitzaketen, baina eragin zizkieten zaurien gordintasunak ez zuen ahalbidetzen nonbait uztea.
Tira, trabak traba, sartzen nintzen komisarian, eta handik gehienetan ateratzen nuen inpresio tristea zen tratu txarrak gertatzen ari zirela. Badakit adibidez nolakoa zen Guardia Zibilak bainera egiteko zuen dispositiboa. Ate baten markoan kako batzuk zeuden, han ardatz bat jartzen zuten, eta hor lotzen zituzten atxilotuak, manta batean bildu eta bainera egiten zieten. Edo berdin elektrodoekin. Gaur, orain hiru hilabete, eta orain urtebete hortik pasa diren pertsonek kutxa nolakoa den berdin esplikatzen dizute. Beraz, egia hutsa da, gertatu egiten ziren, eta gertatzen dira. Eta horren erantzule dira, bai egiten dutenak, eta bai egiten uzten dutenak. Tartean, autoritate politikoak.
Baina ministroek diote hori dena gezurra dela.
Nik Barrionuevo ere entzun nuen Ser irratian. Iñaki Gabilondo lehengusua dut, eta elkarrizketa batean, hauteskundeak bazetozela eta, «Zuk niri ziurta diezadakezu Guardia Zibilaren kuarteletan ez dela inor torturatuko?», galdetu zion. Eta Barrionuevok baietz. «Nik ziurta diezazuket ni ministro naizen artean ez dudala horrelakorik onartuko.» Politikoaren esaldia, jakina. Baina ministroa hemen dago, eta kuarteltxoa han. Esan ohi den bezala erlijioa gauza bat dela, beste bat eliza, eta beste bat apaiza. Ministroarekin berdina gertatzen da. Ministroak zer jakingo du honi buruz? Ez daki ezer! Elkarrizketa baterako gutxien interesatzen zaizkidan pertsonak dira ministroak, postuko komandantea elkarrizketatu beharko litzateke, alegia, inoiz elkarrizketatu ezingo dena.
Zuk, izango zenuen aukera torturatzaileekin hitz egiteko. Zuri galdetu behar, nolako pertsonak dira?
Guztiz normalak. Burugabekeria bat da pentsatzea psikopatak direla, edo eroak.
Baina eroarena egiten duen jende asko dago, eta ez torturatzaileetan bakarrik, epaileetan ere bai. Alferrik saiatuko zara, ez dute torturarik ikusten.
Amnesty Internationalek oso ongi esplikatu ohi du hori. Torturari dagokionez, mundua bi taldetan bereizten da: sinestu ezin dutenak, eta sinestu nahi ez dutenak. Epaileetan ere hala da. Niri gertatu izan zait, atxilotu bat ikusi, epaile batengana joan, «nik uste dut hau gertatzen ari zaiola, joango al gara bihar berriz?» galdetu, eta epaileak ezetz: «Ez, ez dago zertan joanik». Eta ez baldin badago zertan joanik, nik ezin dut joan. Epaileen babes osorik gabe ez da hain erraza gure lana egitea.
Nola lortu da batzuetan torturatzailea kondenatua izatea?
Guk poliziaren akatsak bakarrik frogatu ahal izan ditugu, hanka sartu dutenetan bakarrik egiaztatu ahal izan da tortura. Eta orduan kondenatuak izan dira. Baina poliziak oso ongi daki hau guztia nola egin, oso metodologia zehatza dute guk tortura kasu bat bera ere ez deskubritu ahal izateko. Gainera epaileak eskua sartzen hasi diren neurrian, pixkanaka, beraiek ere tentu handiagoarekin jokatzen hasi dira. Esate baterako, torturatzeko metodologia aldatu egin da garai batetik. Diktadura frankistaren garaian eta demokraziaren hastapenetan, norbait atxilotzean, itaunketak polizia ezberdinek egiten zizkioten, polizia bakoitza akusazio batez arduratzen zen. Eta txandan-txandan joaten ziren atxilotuarengana bakoitza bere galdera eta bere metodoekin. Joxe Arregi hil zenean, esaten da, Madrilen zebiltzan polizia guztiak erori zitzaizkiola gainera, eta txikitu egin zuten. Baina, urteak pasa ahala teknika hori aldatu egin da, eta orain itaunketa daramatenak beti dira berdinak, galde gaia bat izan edo bestea izan. Ez dut esango finagoa denik, baina ez da hain kirtena.
Auzitegiko medikuak inpartziala eta neutrala izan behar al du?
Epaileengatik esan ohi dute epaile batek inpartziala bai baina neutrala ez duela izan behar. Auzitegiko medikuon artean esan ohi dugu, auzitegiko medikuak inpartziala eta neutrala behar duela.
Eta nondik nora pentsatzen du gazte batek, garai hartan, egoera politikoa zegoen bezala egonda, «nik auzitegiko mediku izan behar diat»?
Ordiziako mendi elkartean nenbilela Aranzadiko kide batek hitzaldi bat eman zuen lur azpiko munduaz, kobazuloez-eta. Ni ama birjina agertu balitzait bezala gelditu nintzen. Aranzadin izena eman eta kobazuloetan esploratzen hasi nintzen, ehunka koba ikusi nituen, eta horrek naturarekin eta pertsonekin harremanetan jarri ninduen. Beraz, Valladoliden nengoen artean nire bizitza eta nire ikaskideena oso zen desberdina; ni asteburu oro kobazulo batera joaten nintzen, haiek diskotekara. Eta astelehen oro, bakoitzak bere asteburuko ibilia kontatzen zuenean, nirea guztietan atipikoena izaten zen, «lur azpian ibili naiz bostehun metroko sakoneran». Esango zuten: «Hau ez dago burutik ondo!» Baina ibilera horrek asko markatu ninduen, eta medikuntzaren barruan ere oso bide atipikoa hartu nuen. Medikuen kolegiora joan nintzenean auzitegiko medikuntzara bideratu nahi nuela esanez, Iñaki Barriolak, hemen bide horretatik zebilen bakarrak, harrituta, «auzitegiko mediku? Ezta pentsatu ere!» eragin zidan atzera. 1981a baitzen, eta berak ere mesfidantza handia zuen Justizia Administrazioarekiko. Hura goitik hasi eta beheraino aparatu frankista zen. Justizia Administrazioa da beti mantsoen aldatzen den administrazio organoa. Indar armatuetan ere, hogeita bost urtean aldaketa handia eman da, Justizia Administrazioan ez hainbeste.
Eta sartu zinenean, nolako koba aurkitu zenuen?
Niri iruditzen zitzaidan oso egitura latza hunkitzen ari nintzela, harrobira joan eta harrobia bere indar osoz ikusten duzunean bezala. Baina harrobitik harri batzuk ateratzen dira eta haiekin eskultura eder bat egin zenezake. Eta eskultura ez bada, kale baterako adokinak. Pentsatzen nuen aukera eder baten aurrean nengoela. Milaka kasu gertatzen ziren, eta garbi zegoen azpiegitura hobearekin egin beharreko lana zela, beste edozein herrialderekin alderatuz hemen oso atzera geundelako. Baina nik aukera handi bat bilatu nuen han, minutu bakoitzeko istorio berri bat azaltzen zitzaidan, aurrekoa baino are interesgarriagoa.
Gogorrak ere izango ziren, heriotzak, autopsiak, torturak... Etxera bidean, ikusitako itzalak ahaztea lortzen al zenuen?
Nik nahiko memoria bisual ona dut, eta batzuetan etortzen zaizkit argazkiak gogora. Orain, ETAk bonba bat leherrarazita hil zuen guardia zibil baten irudia datorkit. Auzitegira sarri etortzen zen, drogaren aurkako brigadan zebilelako, eta oroitzen naiz hark nola esaten zuen: «Batek jada ez daki zeinentzat ari den lanean», alegia, ez zekiela beretzat, bere familiarentzat, Guardia Zibilentzat, herriarentzat, edo Mendebaldeko ongizatearentzat, norentzat ari zen lanean. Eta bonba bat lehertu zela-eta gorpua altxatzera joan nintzenean, hura ikusi, eta sekulako kolpea hartu nuen, ezagutzen nuen, bera zen. Orduan buelta asko eman nizkion berak esaten zuen esaldi horri: «Batek ez daki zeinentzat egiten duen lan». Pentsa, hau ere gerta dakizuke.
Badira tragikoagoak ere, esaterako tratu txarrak jasaten dituen eta sinesten ez dioten emakumearena. Bere egia ez da aski agerian gelditzen, eta orduan beste ordain bat jasotzen du, esanez, berak asmatu duela hori dena. Funtsean, gogorragoa da bizirik sufritzen ari den bat ikustea hildako bat ikustea baino. Nik liburu bat idatzi ahal izango banu egun batean, «hildakoek ez dute sufritzen» jarriko nioke titulua. Sufritu bizi garenok egiten dugu. Eta hori sekulako desgrazia da. Askotan planteatu ohi diet kriminologi institutura etortzen diren zuzenbideko irakasleei, esplika diezadatela zergatik ez den larriagoa tortura heriotza baino. Eta zer esanik ez funtzionario batek, bere lanbidearen barruko praktika bezala, eta instituzioaren babesarekin, torturatzen baldin badu. Hori niretzat norbait hiltzea bezain larria da.
Continua ...
http://www.argia.com/argia-astekaria/2033/francisco-etxeberria-gizakia-gaiztoa-da-berez