Torturatutako euskal herritarrek batzarra egingo dute, gaia mahai gainean jartzeko.
1978tik 7.000 euskal herritar torturatu dituztela kalkulatu du Torturaren Aurkako Taldeak (TAT). Diktaduran zein demokrazian, jipoi, laido, tratu txar, tortura psikiko zein fisikoak jasan dituzten euskal herritar guztiak gonbidatu dituzte abenduaren 16an egingo duten nazio batzarrera, Elorrioko (Bizkaia) Arriola aretoan.

Antolatzaileek ohartarazi dute torturak bere horretan jarraituko duela «horren makineriak iraun artean».
1978tik 7.000 euskal herritar torturatu dituztela kalkulatu du Torturaren Aurkako Taldeak (TAT). Diktaduran zein demokrazian, jipoi, laido, tratu txar, tortura psikiko zein fisikoak jasan dituzten euskal herritar guztiak gonbidatu dituzte abenduaren 16an egingo duten nazio batzarrera, Elorrioko (Bizkaia) Arriola aretoan.
TATek ibilbide luzea egin du, 1992an sortu baitzen. Hortaz, orain arteko bilana egin, eta aurrera begirako ildoak zehazteko beharra ikusi dute esparru horretan lanean dabiltzanek. Baina egoera politikoak ere zeresan handia du gogoeta egiteko behar horretan, TATeko kide Alaitz Jauregiren arabera: «Gatazka konpontzeaz horrenbeste hitz egiten ari den honetan, garrantzitsua deritzogu torturaren errealitatea mahai gainean jartzeari».
EZTABAIDAREN ZERTZELADAK.
Beraien eskarmentutik abiatuta, torturaren esanahiaz luze eta zabal hausnartzeko beta izango dute torturatuek Elorrioko batzarrean. Hala ere, eztabaidaren ildo nagusien zertzelada batzuk aurreratu dituzte batzarraren antolatzaileek.
Alde batetik, argi dute torturaren errealitateak bere horretan jarraitzen duela, eta «torturatzeko eraturik duten makineriak hor dirauen artean, torturatzeko arriskua» egongo dela. Makineria hori Espainiako Auzitegi Nazionalak, inkomunikazioa ahalbidetzen duten legeek, epaileek, fiskalek eta abarrek osatzen dute, TATeko kideen arabera.
Beste gai batzuk izango dituzte aztergai Elorrioko nazio batzarrean, esaterako, torturaren «zigorgabetasun erabatekoa», haren erabilpen judiziala, TATen arabera Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa ugari torturapean lortutako autoinkulpazioetan oinarritzen baitira, edo torturatuek prozesu politikoan izan behar duten egitekoa.
Izan ere, TATeko kide Alaitz Jauregik esandakoaren arabera, bada garaia zenbait galdera egiten hasteko: «Zer gertatuko da torturatua izan den jende horrekin guztiarekin? Zein irtenbide emango zaio egoera horri?». Eta, torturatuek ez ezik, euskal gizarteak ere «urte hauetan polizia etxeetan zer gertatu den jakiteko eskubidea» badu, Alaitz Jauregik nabarmendu zuenez.
TORTURATUEN TESTIGANTZA.
Torturatuak izango dira Elorrioko batzarraren protagonista. Eta batzarra aurkezteko egindako agerraldian, torturak jasandako bi euskal herritar egon ziren, Nekane Txapartegi eta Edorta Jimenez, haien testigantza emateko.
Batzarrarekin lortu nahi dituzten helburuak laburbildu zituen Txapartegik. Ahalik eta torturatu gehienekin gogoeta egin eta haien iritziak jaso, torturaren kontrako borrokaren nondik norakoak, aldarrikapenak eta lan ildoak denen artean erabaki, eta, azkenik, torturatuen egitekoa finkatu eta horretan urratsak egin nahi dituzte, tortura desagerrarazteko bidean beti ere.
Jimenezek, berriz, torturatuak izan direnek testigantza ematearen garrantzia eta beharra nabarmendu zituen, nahiz eta jakin ez dela erraza izango. «Zigorgabetasuna hain handia izan da ezen argi baitugu gaur egun ere gure bila etor daitezkeela».
Hala eta guztiz ere, Jimenezek dei egin zien torturak pairatu dituzten guztiei Elorrioko batzarrera joatera. «Batzuek iraganeko kontua dela pentsatzen dutelako, beste batzuk iritzi edo jarrera politikoz aldatu direlako, baina torturatuok ez gara elkartu. Torturaren benetako dimentsioa ez dugu agertu. Eta agertu behar dugu».
«Muga politiko guztien gainetik, gure diferentzia ideologiko eta pertsonal guztien azpitik», testigantza emateko eskatu zien Jimenezek torturak pairatu dituzten orori. «Ezinbestekoa da torturaren neurria ezagutaraztea. Eta neurri hori hartzeko, bakoitzak berea ipini behar du agerian».
Oihuak, «malkoak euritan bezala».
Tortura sistemaren lehen arrakasta torturatuak salaketarik ez egitea da. Bigarrena, haren garrasien oihartzuna hedabideetan isilarazten denean gertatzen da. Orduan, erabateko isiltasuna nagusitzen da. Torturatuen oihuak galdu egiten dira, «malkoak euritan bezala», Edorta Jimenez idazlearen hitzetan.
Eta, hala ere, euskal gizarteak badaki hemen torturatu egiten dela. Hala uste du Jimenezek: «Ezinezkoa da ez jakitea. Orain arte, sei lagun hil dira torturaren ondorioz. Ezinezkoa da pentsatzea sei lagun horiek baino ez dituztela torturatu».
Horregatik, isiltasun hori apurtu nahi dute torturatuek. Ilaran jarri eta «ni ez nauzue kontatu» ozen aldarrikatu.Torturarik ote dagoen ere zalantzan jarri nahi duten politikariei torturatuen begietara so egiteko eskatu, «horixe baita torturaren frogarik argigarriena», Jimenezen aburuz.
Horretarako, baina, beldurra gainditu behar da. Hori da, hain zuzen, tortura sistemaren hirugarren arrakasta, Jimenezen esanetan: torturatua beldurtzea, errudun sentiaraztea, lotsaraztea. «Torturarena gogorra da, eta guretzat, torturatuentzat, beste inorentzat baino gogorragoa, torturatua susmagarri bilakatzen delako betiko. Baina barkaezina litzateke torturaren errealitate osoa ez agertzea».