Guk, hemen, badugu frantses arazo bat. Ttotte Etxebeste.
Estatu frantsesak etengabe esaten du ez duela euskal arazorik !... Ez beharbada, hark ez du! Baina guk hemen badugu frantses arazo bat!.
Estatu frantsesak Euskal Herriari azken instituzioak lapurtu eta kendu dizkionetik, Estatu frantsesak Euskal Herriaren ezagupena ukatzen dueno, guk frantses arazo bat ukanen dugu. Horiek denak ez dira gaurko asmaketak, jadanik gure arbasoek bazituzten arazo horiek frantses iraultza aintzin. Frantses iraultzarekin gure azken eskumenak galdu genituen. Estatu frantsesak bere iraultzaren ondotik Basses Pyrénées departamenduan ito nahi izan gaitu! Estatu frantsesak bere iraultzarekin gure nortasuna ukatu nahi izan du. Ez du lortu, eta mendez mende Euskal Herriak, euskal herritarrok aurpegira bota diegu hor gaudela, eta hor nahi dugula iraun gure nortasuna atxikiz!.
Estatu frantsesak bere medio guziak zutik eman ditu, urteak joan eta urteak etorri, gure nortasuna ukatzeko, gure izaera desagerrarazteko. Luzaz gure hizkuntza eskoletan debekatuz, frantsesa inposatuz, euskal gazteria gerlara bortxaz eramanez (14/18koa, Indotxinakoa, Marokokoa eta Aljeriakoa azkenik). Haren telebista eta prentsaren bidez, frantses kultura inposatu nahian. Turismoa inposatuz aterabide ekonomiko gisa, helburu argi batekin: euskaldunak minorian izatea haien lurretan; eta hori kasik lortu du, ikusiz gaur egun bizi dugun egoera: Baionatik Hendaiaraino euskaldun baino gehiago kanpotar baitira. Estatu frantsesak bere ahal guztiak erabiltzen ditu euskaldunak menderatzeko. Ukazio politikoa, kulturala, ekonomikoa, baita hilketa eta presondegiratzea ere. Estatu frantsesa urteetan zehar gure herria menderatzen eta hiltzen ahalegindu da.
Mendez mende oldartu gara, borrokatu gara gure herrian zutik bizitzeko. Estatuak gure hizkuntza debekatu duenean, gure ikastolak sortu ditugu; bere kultura inposatu nahi izan duenean, gure elkarte eta talde kulturalak sortu ditugu; turismoa inposatu nahi izan duenean, gure lantegiak sortu ditugu; eta azkenik, Estatuaren borondatearen kontra, baina herriaren babesarekin, Euskal Herriko Lanborantza Ganbara zutik eman dugu. Oraindik ez dugu lortu gure erakunde propioa zutik ematen (Estatuaren baimenik gabe), baina gure helburu bat da!.
Euskal Herria onartua eta ezagutua izateko antolatu, borrokatu gara, oldartu gara. Armak ere hartu ditugu eta hor Estatu frantsesak bere errepresio osoa argitan ezarri du, militanteak desagerraraziz (Popo), garbituz (Didier, Maddi), euskaldunen kontrako gerla zikinean parte hartuz; hala nola GALeko hiltzaileak informatuz eta babestuz, militanteak presondegiratuz! Borroka horretan herri hau bizirik eta aske ikusteko ametsarekin beste batzuk bizia eman dute; Ramuntxo, Txomin, Kristof.
Gaur egun beste bide batzuk urratzen hasi gara Iparraldean, borroka armatuaren ahotsa isildu bada ere, hemen arazo politikoa bada, luzatzen den gatazka politikoa badugu, hemen arazo frantses bat badugu. Arazo politiko horren aterabidea da lehenik egoera horren onartzea, eta partaide guztien artean mintzatzen hastea, eta ororen gainetik hemengo herritarrei hitza eta erabakitzeko eskubidea onartzea!.