Saint-Paulen atxiloturikoak, Tolosan inkomunikaturik.
- Polizia iturriek bi atxilotuak Urtzi Gaintza eta Iñigo Ripoll direla berretsi zuten atzo, baina Askatasunak ezin izan zuen horrako hori egiaztatu.
- Grazia Morcillo eta Asier Kintana, preso Fleury-Merogisen.

Okzitaniako Saint-Paul-Cap-deJoux hiriaren inguruan Polizia frantsesak atxilotu zituen bi euskal herritarrek inkomunikaturik segitzen zuten atzo Tolosan, ustez Parisko epaileengana noiz eramango dituzten esperoan.
Polizia iturriek bi atxilotuak Urtzi Gaintza eta Iñigo Ripoll direla berretsi zuten atzo, baina Askatasunak ezin izan zuen horrako hori egiaztatu.
Bi euskal herritarrak, betiere polizia iturriren arabera, auto batean zihoazen Castres eta Lavaur hirien arteko errepidean, eta istripu bat izan zuten. Ondoren, auto bat lapurtzen saiatu omen ziren eta jendarmeek atxilotu zituzten. Hasiera batean, Lavaurreko polizia etxera eraman zituzten eta handik Tolosara.
Afera Parisko Fiskalia Antiterrorista delakoaren eskuetan dago, eta horrek ikerketa DNATen eta Tolosako Polizia Judizialaren eskuetan utzi zuen. Atxilotuak nor zirenjakiteko haien hatz markak Madrilera igorri zituzten.
Gaintzari Herrera mendatean ETAk Ertzaintzarekin izandako tiroketan parte hartzea leporatzen diote, eta Ripolli, 2004an Kataluniar Herrialdeetan lehergailuak paratzea.
---------------------------------------------------------------------------------
Grazia Morcillo eta Asier Kintana, preso Fleury-Merogisen.
Asier Kintana eta Grazia Morcillo, astearte gauerdian Sainteseko etxean atxilotutakoak, Fleury-Merogisen sartu dituzte giltzapean.
Ostiralean auzipetu zituzten biak «helburu terrorista duen gaizkile elkarteko kide» izatea egotzita, polizi iturriak aipatuz Efek azaldu zuenez.
Gainera, Laurence Le Vert epaileak «nortasun agiri faltsuak eraman eta erabiltzea» ere leporatu zien auzipetu zituztenean.
Askatasunak atzo jakinarazi zuenaren arabera, dena den, Morcillo Fleury-Merogisen espetxeratu izana behin-behinekoa da oraindik, bihar beste epaile batek hartu beharko baitio deklarazioa; Atxiloketa eta Askatasunen epaile batek, alegia. Orduan jakingo omen da non sartuko duten preso euskal herritarra.
Kintana eta Morcillo Sainteseko herrian bizi ziren, Bordeletik gertu, 2 eta 6 urteko alabekin batera. Atxilotu eta gero, presioak eta mehatxuak egin dizkietela salatu zuten biek.