Azkoitiko manifestazioagatik PPk «kontuak eskatu» nahi dizkio Balzari.
Larunbatean Kandido Azpiazu eta Iñaki Zuazolazigorraga preso ohien egoera salatzeko Azkoitian egin manifestazioak PPren eta AVTren haserrea sortu du: lehenak azalpenak eskatuko dizkio Javier Balzari mobilizazioa oztopatu ez izanagatik; eta bestea, berriz, Lakuako eta Madrilgo gobernuen aurkako legezko neurriak abiatzeko bideragarritasuna aztertzen omen dabil. «Zentzugabekeria» izan zela-eta, «suminduta» daudela nabarmendu dute.

PPko Leopoldo Barredak atzo esan zuen «bihar bertan» gaurko egunari buruz Gasteizko Legebiltzarrean azalpenak eskatuko dizkiola Javier Balza Barne sailburuari. Oraingo honetan, parlamentariak jakin nahi du ea «zergatik baimendu zuen» larunbatean Azkoitian Kandido Azpiazu eta Iñaki Zuazolazigorraga preso ohien aldeko manifestazioa.
Europa Pressi egindako adierazpenetan esan zuenez, «kontuak» eskatuko ditu. Zergatik utzi dieten manifestazioa egiten eta debekua zergatik ez duten gauzatu edo debekua gauzatu zezaten ziurtatzeko neurriak ea zergatik ez diren hartu jakin nahi du.
Era berean, Azkoitian Ertzaintzak izandako jarrerari buruz ere eskatuko omen du informazioa, «Barne Sailak kaleetan legea betetzeari benetan uko egin ote dion jakitzeko». «Gertatu dena ikusita, hori eman dezake», aipatu zuen.
«Euren biktimen aurrean hiltzaileak pankartak eramaten ikustea baino zentzugabekeria handiagoa ikustea zaila da», adierazi zuen Barredak: «ETA-Batasunak manifestazio horretara deitzerakoan izan arrakastari buruz zalantza gutxi daude, eta Baglietoren hiltzailea buruan ikustea da froga onena».
Azkoitia «hiltzaile batzuek elkartasunaren izenean hartuta» egon zela salatu ostean, zera erantsi zuen: «Zaila da Barne Sailaren gaitasun txikiagoa agertzen duen beste jarduera bat aurkitzea».
Beste alde batetik, AVTk adierazi zuen bere talde juridikoak manifestazioa baimendu izanagatik Lakua eta Madrilgo gobernuen aurka legezko neurriak abiatzeko bideragarritasuna aztertzen dabilela. Elkarteko buru Francisco Jose Alcarazek uste du erakunde terrorista «aurrera egiten» ari dela agerian uzten duela manifestazioak, eta «suminduta» agertu zen horregatik.
Bestetik, Ramon Baglietoren alargun Pilar Eliasek bezala, ETAren beste biktima batzuek ere «terroristen kalte-ordainik ez» dutela jaso gogorarazi zuen, eta datozen egunotan agian kasuren batzuk ezagutaraziko dituela azaldu zuen AVTk.
Bi mila lagun inguru izan ziren.
Larunbatean bi mila bat lagunek egin zuten manifestazioa Azkoitian «Eraso eta mendekurik ez. Konponbide demokratikoa» lelopean. Mobilizaziora herritar talde batek deitu zuen, eta eragile ugarik babestu. Zehazki, Azpiazuren eta Zuazolazigorraren egoera salatu eta bi preso ohiei elkartasuna helaraztea zuen xede. Ondasunak bahituta eta kontu korronteak blokatuta dituzte Auzitegi Nazionalaren aginduz.
Ororen oinarrian Pilar Eliasek jarritako salaketa dago. Senarra, UCDko zinegotzi Ramon Baglieto, atentatuan hil zuten 1980an. Bi preso ohiak kartzelan izan ziren horregatik.
Ostegunean iskanbila izan zen auzi horren gaineko mozioak eztabaidatzeko bilkuran ere.