Sakanan mobilizazio batekin erantzungo diote debekuari.
- Otsailaren 12rako manifestaziora deitu zuten atzo Sakanako hainbat eragilek Auzitegi Nazionalaren debekuari erantzuteko. «Eskubide zibil eta politiko guztien alde, konponbide demokratikoaren alde» lelopean egingo duten ekitaldira deitu zituzten Sakanako herritar guztiak «eskubideak defendatzea herriaren etorkizuna defendatzea delako».
- 18/98 Abokatuen ustez, epaiketak bihar jarraitzeak urraketei eustea dakar.

Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak «Orain herria, orain bakea» proposamena ezagutaraztea helburu zuen Altsasuko ekitaldia debekatu ostean, Sakanako hainbat eragile politiko, sozial eta sindikal batu dira, eta manifestaziora deitu dute otsailaren 12rako, «Eskubide zibil eta politiko guztien alde, konponbide demokratikoaren alde» leloaren pean.
Altsasun 17.00etan egingo duten ekimenaren helburua beto judizialari aurre egitea da. «Eskubide zibil eta politikoen urraketa larri hauek ezin dira erantzunik gabe gelditu. Eskubideak defendatzea gure herriaren etorkizuna bera defendatzea delako», esan zuen. Hori azaldu zuen atzo, eragile guztien izenean, Gorka Ovejero Sakanako Mankomunitateko presidenteak, eragileen ordezkariekin batera Altsasun emandako prentsaurrekoan.
Berak irakurritako manifestuari ondoko Sakanako eragileek ere babesa eman diote: Ezker abertzalea, Aralar, ELA, LAB, EHNE, Bierrik elkartea, AEK eta Gazte Asanblada. Guztiek giza eskubide indibidual eta kolektiboen aldeko jarrera nabarmendu zuten eta, ostean, legez kanporatzeen aldeko politika, Alderdien Legea eta egoitzen itxierak salatu zituzten. «Gertakari horiek guztiak herri honetako sektore zabal baten kontrako erasoa baino harago doaz eskubide zibil eta politikoen urraketok euskal gizarte osoaren kontrako neurriak baitira», ohartarazi zuen Ovejerok.
Konponbide prozesuari begira, baztertzean edota bazterketa politikan oinarritutako erabakiak, eskubideen urraketaz gain, oztopo eta traba handiak besterik ez dela adierazi zuen. Sakanako Mankomunitateko presidenteak nabarmendu zuen konponbide demokratikorako prozesuak aurrera egiteko herritarren babesa eta laguntza eskuratu behar dela. Gainera, bazterketarik ez egotea garrantzitsua dela azaldu zuen.
«Konponbide demokratikoak helburu izan behar du: herri eta herritarren eskubideen urraketa gainditzea, eskubide guztiak guztiontzat bermatzea, proiektu politiko guztien zilegitasuna eta bideragarritasuna aitortzea, eta, azken finean, herritarrei hitza eta erabakia ematea», adierazi zuen Ovejerok.
«Ontzat jo».
Bestalde, Sakanako ezker abertzaleak Grande-Marlaskaren debekua salatu zuen, eta udaletxeko aretoan egindako agerraldian, herenegun egin behar zuten ekitaldiaren helburua azaldu zuen: lurraldetasunaz, autodeterminazioaz eta bakearen aldeko lanaz hitz egitea, besteren artean.
Helburu horrekin, astearen barruan Sakanako herrietan ekitaldiak izan dira «Hamaika arrazoi konponbiderako» lelopean, eta horiek oso ontzat jo zituzten. Horretaz gain, babesa agertu dioten eragileei eskerrak eman zizkieten.
------------------------------------------------------------------------------
18/98 Abokatuen ustez, epaiketak bihar jarraitzeak urraketei eustea dakar.
Hiru asteko etenaldiaren ostean, berriz hastekoa da '18/98 auziari' dagokion epaiketa, Madrilen; abokatuek, ordea, azpimarratu dute defentsarako eskubidea ez dagoela oraindik bermatuta.
Bihar jarraitzekoak dira Espainiako Auzitegi Nazionalean 18/98 auziari dagokion epaiketan, hiru asteko etenaldiaren ondoren. Auziko froga nagusiak eskuratzerik ez zutenez defentsa eskubidea larri urratzen ari zela argudiatuta, defentsako abokatuek planto egingo zutela iragarri zuten hilaren 9an. Beren lana egin ahal izateko, 75/89 eginbideen kopiak eta haiek aztertzeko denbora eskatu zuten. EAEko eta Espainiako abokatuen kontseiluen bitartekaritzaren ondoren, Auzitegi Nazionalak neurriak hartu zituen. Baina arazoa ez dela konpondu diote abokatuek.
Frogen oinarri diren eta ehun bat mila orritan biltzen diren dokumentuak eskaneatzen eman dituzte hiru asteak abokatuek, eta datorren astean ere hala aritu beharko dute. Horiek aztertzeko denborarik, beraz, ez dute oraindik izan.Eta ez da borondate faltagatik, Arantza Zulueta abokatuak azaltzen duenez. Auzitegiak eginbideak abokatuen esku jartzea baimendu zuenean, arazo teknikoen berri eman zieten abokatuei. Auzitegiak jakinarazi zien ez zuela horrenbeste kopia egiteko baliabiderik. Defentsak agindu zuen bere gain hartuko zutela Madrilera eskanerra eraman eta kopiak egiteko lana. Lan horretan ari dira oraindik.Horiek horrela, hasieran egindako eskaera errepikatu dute abokatuek, helegite bidez. Kopia guztiak eskuetan dituztenetik hilabeteko epea eskatu dute 100.000 orri horiek aztertzeko. Izan ere, txosten horietan datza akusazioen oinarria eta, beraz, defentsa horien gainean prestatzea ezinbestekotzat dute.
Inor auzipetzeko moduko frogarik ez dute aurkitu.
Epaiketa bertan behera uztea ere galdegin dute abokatuek, berriz ere. Zuluetak dioenez, ikusten ari diren txostenak ez dira inor auzipetzeko modukoak. Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren eta Ertzaintzaren «interpretazio polizial-politikoak besterik ez dira».
Edozelan ere, eskaera nagusi hori onartzen ez badute, epaiketa berriz hutsetik hastea eskatuko dute. Orain arte ezkutukoak izan dituzten txostenetan daude hainbat auzipeturen aurka akusazioek frogatzat dituztenak. Eta dagoeneko epaimahaiaren aurrean deklaratu dutenek ezin izan dute horiei buruzko azalpenik eman. Abokatuek ezin izan diete horien inguruko galderarik egin, ez baitzituzten txostenak ezagutzen. Horregatik eskatu dute epaiketa, egitekotan, berriz ere hasieratik hastea.Eskaera bakarra onartu die Auzitegiak: ahozko saioak astelehenetik asteazkenera egitea, hasieran erabaki bezala. Epaimahaiak, saioa bihar arte etengo zela jakinarazi zuenean, galdutako denbora berreskuratzeko saioak asteazken arratsaldean eta ostegunean ere egiteko agindu zuen.