Izena eta izana ez datoz bat: Villabonako espetxetik sos. Josu Jimenez Maia - Berriozar.
Aurten Olentzero aurreratu zitzaigun. Osaba Davidek egindako irudi bat jaso zuen gure semeak etxean. Hariz egindako irudi koloreduna, ziega beltz batetik igorria. Semearen gelako horman zintzilik dago eta koloretako hariz osatutako pottoka larrean agertzen da. Osaba David Asturiasen dago preso, Villabonako espetxean.

Daviden pottokak kontatu zigun espetxe hori zabortegi baten ondoan dagoela, eta, horregatik, egun anitzetan leihoa irekiz gero, kiratsa jasanezina dela; zabortegiaren eta espetxearen gainetik kaioek PPren ikur barre egiten diete euskal gazte horiei.
Duela astebete pottokak kontatu digu hamar preso arrunt irainka hasi zitzaizkiela osaba Davidi eta beste preso politiko bati, Azkaineko Aratz Gomezi, hain zuzen. Villabonako funtzionarioek xaxatu eta hamar arruntek bi eus- kaldunak inguratu eta jipoitu egin dituzte.
Pottokak dio hainbat kolpe hartu ondoren ihes egitea lortu zutela bi euskaldunek, eta osaba Davidek buruan, masailean, sudurrean eta begian dituen ubeldurengatik ez kezkatzeko; osaba Davidek eta beste preso politikoek irmoki eutsiko diotela goiari; goiari, beheari eta behar denari.
Baina pottokak badaki indarrean dagoen espetxe politikak jipoiak ahalbideratzen dituela. Eta badaki, halaber, osaba Daviden eta beste preso guztien eskubideak bermatu ahal izateko euskal gizarteak lanean jarraitu behar duela. Inoiz baino gehiago.
Hariz egindako pottoka baten gainean SOS larria heldu da Villabonako espetxetik, eta gure semearen gelako horman zintzilik dagoen irudiari begira, burura datorkit izena eta izana ez datozela bat: Villabonan ezer onik ez.