Baga Bogak esan du Zubietako «espetxe erraldoiaren» eredua aldatu behar dela.
Kartzelaren proiektua gaitzetsi eta zentro txiki eta espezializatuen alde egiten du Baga Bogak.

Salhaketaren gonbidapenari jarraiki, Baga Boga herri ekimenak adierazi zuen Zubietako espetxearen proiektua gaitzetsi eta elkartearen kezkarekin bat egiten duela. Herri ekimenak «espetxe erraldoia» egitearen aurka dagoela agertu zuen: «Eredu hori ez dugu begi onez ikusten; presoen eta espetxean lan egiten dutenen eskubideak eta segurasuna bermatuak izan daitezen beste ereduaren alde egin behar da». Baga Bogak zentro txiki eta espezializatuak aldezten ditu, eta hirugarren gradurako zentroak eraikitzea proposatzen du.
Baga Bogak adierazi zuen espetxea ez ezik, kuartelak, errauste-plantak, etxebizitzak eta bestelako hirigintza-egitasmoak aurkeztu dituztela Zubietarako, eta proiektuek ingurumenean eragin kaltegarria izango luketela azaldu zuen. Espetxea gune naturalean eraiki nahi dutela zehaztu eta «bertan porlan piloa sartzea astakeria hutsa» izango litzatekeela ziurtatu zuen.
Zubietarrek izan duten partehartzeaz ere hitz egin zuen: «Tamalez, Igentea kalean erabakiak hartzen dituzte baina zubietarroi hitza eta erabakia eman gabe». Martuteneko espetxea Zubietara eramatea espekulazioarekin lotu zuen herri ekimenak, eta Martutenen etxeak egiteko Udalak «era ilunean» jokatu duela salatu zuen.