Anjel Alkalde preso politikoa berriro eraman dute Txagorritxuko ospitalera.
Txagorritxun ospitaleratuta egun batzuk igaro zituen Anjel Alkaldek gaitz koronario larriaren ondorioz, baina astelehenean berriz eraman zuten Langraizera. Atzo itzuliko bidaia berriz egin behar izan duela jakin genuen: azken egunotan eman dioten tratamenduak odol jarioa eragin omen dio. Preso politikoa Gasteizko erietxean dago.

Anjel Alkalde berriz ere Txagorritxuko ospitalera eraman dutela jakinarazi zuen atzo Askatasunak. Dirudienez, duen gaixotasun koronario larriarentzat zentro berera egin berri duen azken bisitan jarri zioten tratamenduaren ondorioz hemorragia bat izan ei du, eta atzo, eguerdi partean, senitartekoak erietxera joan ziren haren osasun egoeraren berri gehiago izan nahian.
Portugaleteko preso politikoa iazko otsailetik dago giltzapean. Berez Alcala-Mecon, Madrilen, daukate, baina Langraizko espetxera ekarri zuten urte hasieran. Hilaren 11n Gurutzetako ospitalean osasun azterketa bat egin behar zioten. Hain zuzen ere, aurretik arazoak zituen jada belaunean, eta horregatik ekarri zuten Gasteizera, ebakuntza egin asmoz.
Hala, horren esperoan Langraizen zegoen bitartean, baina, sinkope koronario bat izan zuen urtarrilaren 8an. Konortea galdu zuen bere ziegara bidean, eta gerora, lurrean esnatu zenean ez zuen oroitzen gertatu zitzaiona. Erietxera eraman behar izan zuten segituan, eta han igaro zituen hurrengo egunak. Tratatu zuten sendagileen txostenek ziotenaren arabera, bihotzekoak eman zion Alkalderi.
Ebakuntzaren zain.
Senideek esan zutenez, hasieran sinkope bat izan zela zekiten, eta geroago, berriz, azaldu zieten bihotzeko aorta zela guztiaren oinarri. Gaitza «nahiko garatuta» duela ere esan zieten medikuek, eta egoeraren larritasuna kontuan hartuta, baita lau asteko epea baino lehen ebakuntza egin beharko ziotela ere.
Nolanahi ere, duen gaixotasuna oso larria izan arren, hilaren 16an berriz eraman zuten Langraizko kartzelara bueltan.
Haren senideek, ordea, Txagorritxun ospitaleratuta jarraitzea nahiago zuten. Alegia, GARAri egun hartan bertan egin adierazpenetan, besteren artean, presoaren alaba Agurtzanek aitortu zuen ospitalean medikuen laguntza zuela, eta Langraizen, aldiz, zein tratu izango ote zuen ezin zezakeela jakin.
Arlo horretan, gainera, espetxeko erizaindegia behin baino gehiagotan salatua izan dela ere gogorarazi zuen Agurtzanek, nolabait beldur zirela agertzeko-edo.
Iritzi horien gainetik, dena den, Alkalde berriz eraman zuten Langraizera. Astelehenean, haren egoera larria izan arren, egonkor jarraitzen zuen. Haren osasunaren gainean gerora jakinarazitako azken berriak, bakarrak, atzokoak dira.
Bien bitartean, hori bai, Etxerat-ek Donostian egin agerraldian, Alkalderen egoera izan zuten mintzagai senideek. Bertan alaba Agurtzanek aita atxilotu zutenetik jaso duen «medikuen laguntza ez etengabea» salatu zuen.
Askatasunak Portugaleteko preso politikoa berehala aska dezatela eskatu zuen berriz atzokoan, beharrezkoa duen jarraipen medikua egin diezaioten, batik bat. Ildo beretik, egunotan, besteren artean, ANVk zein Bai Euskal Herriari-k haren askatasunaren alde egin dute, eta jaioterrian zein Ezkerraldeko beste gertuko herri batzuetan ere izan da antzeko mobilizaziorik.
Adibidez, Portugaleten ostiralean 250 bat lagunek manifestazioa egin zuten hari elkartasuna helarazteko.