Zabaleta, Bakartxo eta «Satza» omendu dituzte beren 20. urteurrenean.
Atzo 20 urte bete ziren 1986ko urtarrilaren 15ean Guardia Zibilak Bilbo-Behobia autopistan, Intxaurrondo parean, ETA erakunde armatuko hiru kide hil zituenetik. Alejandro Auzmendi Ilzarbe, Satza, Luis Mari Zabaleta eta Bakartxo Arzelus donostiarrak izan ziren Guardia Zibilak jaurtitako tiroen ondorioz bizia galdu zutenak. Atzo, beren heriotzaren 20. urtemugan, omenaldia jaso zuten Alde Zaharrean.

Alejandro Auzmendik, Satzak, Amarako bizilaguna izan arren, Antigua auzoan egin ohi omen zuen bizitza, eta 200 lagunek baino gehiagok omendu zuten larunbatean Antiguako Benta Berri plazan. Jaietan den auzoan, koadrila guztien ordezkaritzek parte hartu zuten ekitaldian, eta haren monolitoan lore eskaintza egin zioten.
Bestalde, atzo arratsaldeko 20.00etan, Alde Zaharreko Konstituzio plazan omendu zituzten hiru donostiarrak, nahiz eta Luis Mari Zabaleta Alde Zaharreko bizilagunaren jiran nagusitu zen berau. Zendutako hiru euskal militanteen senideak eta lagunak bertan izan ziren, bai eta 125 lagun inguru ere.
Alde Zaharrean manifestazioa.
Txalaparta doinuekin ekitaldia hasi ondoren, Alde Zaharreko bizilaguna zen Luis Mari Zabaletaren bizitza bideo emanaldi bidez erakutsi zuten. Ostean, hiru militanteen senideei eta lagunei ohorezko aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egin zieten. Segidan, manifestazioan Alde Zaharretik abiatu ziren. Sarriegi plazan amaitu zuten, Zabaletaren omenezko plaka aurrean. Haren anaia eta euskal preso ohia den Gotzon Zabaletak ireki zuen oroigarria.