Alcalan preso bat ostikatu, eta beste bati arropa hautsi diote.
Alcalan giltzapean dituzten emakumezko euskal preso politikoei patioko orduak murriztu dizkiete, eta borrokan dira protesta gisa. Funtzionarioen aginduari uko egiteagatik, astelehenean Lorea Azpilikuetari lau ostikada eman zizkioten, eta Anuntzi Alonsori arropa puskatu zioten. Bestetik, atzo ere izan zen presoen aldeko mobilizaziorik.

Joan zen astelehenean Iruñeko Lorea Azpilikueta eta Santurtziko Anuntzi Alonso preso politikoei ziegetara joateko agindu zieten funtzionarioek. Patioan ordubete zeramaten ordurako, baina, beste ordubeteko tartea ere bazegokien han, eta, hori hala, uko egin zioten aginduari.
Askatasunak atzo jakinarazi zuenez, arrastaka eraman zituzten orduan bi euskal presoak, eta Azpilikuetari lau ostikada eman. Alonsori, aldiz, arropa puskatu zioten funtzionarioek.
Errepresioaren aurkako taldeak idatzi batean gogorarazi zuen Alcala espetxean euskal preso politiko emakumeei dagozkien baino patio ordu gutxiago ematen dizkietela. Horregatik, emakumezko euskal presoek borroka daramate aurrera, neurri hori salatzeko; patiotik ziegara beren borondatez igotzeari uko egiten diote patioan dagozkien orduak bete arte. Adibide gisa, Azpilikueta eta Alonsoren kasua.
Askatasunak gogor gaitzetsi zuen biek pairatu duten erasoa eta baita orokorrean kartzelan euskal preso politikoen aurka hartzen duten neurri arbitrarioa bera ere. Hain zuzen, eskubide gisa dituzten patio orduak murriztea salatu zuen, eta erasoa bizi duten egoera salatzeko daramaten borrokaldiarekin lotuta dagoela ere aipatu zuen.
«Beren burua babestuta».
«Euskal preso politikoei ezarri dieten isolamendu politikoaz baliaturik, funtzionarioek nahiz espetxe zuzendaritzak beren burua babestuta sentitzen dute, eta horrelako erasoak egiten dituzte», esan zuen Askatasunak.
Bestetik, atzo, ostiralero bezala, Euskal Herriko herri eta auzo ugaritan ere izan zen euskal presoen eskubideen aldeko mobilizaziorik.
Adibidez, Gasteizen 480 pertsona elkarretaratu ziren, Bilboko Santutxu auzoan 300 lagunek egin zuten manifestazioa, eta Iruñean 275 mobilizatu ziren. Donostian ere elkarretaratu ziren 270 lagun, Hernanin 175, Ondarroan 111, Bilboko Sabin Etxearen parean 105 eta Aulestian beste 103 auzokide.
Beste hainbat tokitan ere izan zen mobilizaziorik: Galdakao (84 lagun), Bergara eta Zornotza (80), Lazkao (70), Berriozar (60), Lezo (55), Etxarri Aranatz (50), Tafalla eta Mutriku (45), Barañain (43), Ugao, Elgoibar eta Antzuola (35), Getaria eta Zizur Nagusia (30), Bera (22) eta Deba (21). Berrizen eta Foruan 15na lagun izan ziren.
Askatasunako Oharra:
Lorea Azpilikueta eta Anuntzi Alonso preso politikoak erasotuak Alcalan.
Bertan dituzten euskal preso politikoak borrokan dira patioko orduak murriztu dizkietelako.
Joan den astelehenean, urtarrilaren 9an, Lorea Azpilikueta Iruñea- eta Anuntzi Alonso -Santurtzi- euskal preso politikoek patioan ordubete zeramatela, funtzionarioek ziegetara joateko agindu zieten. Oraindik, ordea, beste ordubeteko patioa zegokien eta, ondorioz, ukatu egin ziren horretara. Horren aurrean, funtzionarioek arrastaka eraman zituzten bi euskal preso politikoak. Halaber, lau ostikada eman zizkieten Lorea Azpilikuetari eta erropa puskatu egin zioten Anuntzi Alonsori.
Alcala espetxean emakumeetan dituzten euskal preso politikoei dagozkien baino patio ordu gutxiago ematen ari zaizkie kartzela. Neurri horren aurrean, emakumezko euskal preso politikoak borrokaldi bat egiten ari dira, patiotik ziegara beren borondatez igotzera ukatu egiten dira patioan dagozkien orduak bete arte.
Askatasunak gogor salatzen du Lorea eta Anuntzik jaso duten erasoa eta orohar bertan dituzten euskal preso politikoen aurka hartutako neurri arbitrarioa eskubide bezala dituzten patioko orduak murriztuz; izan ere, erasoa egoera hau salatzeko daramaten borrokaldiarekin lotuta dagoelako. Euskal preso politikoei ezarri dieten isolamendu politikoaz baliaturik, funtzionarioek nahiz espetxe zuzendaritzek beren burua babestuta sentitzen dute horrelako erasoak aurrera eramaten dituztelarik.