Bizi osorako espetxe zigorra. Amaia Agirre - Arrasateko Askatasunaren izenean.
Unai Paroti, 1990. urtean atxilotua izan zenetik, ez zaizkio preso dagoen pertsona bati dagozkion eskubide minimoak egun bakar batez ere errespetatu. Gainera, Euskal Preso Politikoa izateagatik, kolektibo honentzat bereziki sortutako neurri errepresibo suntsitzaileak jasan behar izan ditu.

Honela, atxilotuaz bat ezarri zitzaion inkomunikazioan jasandako tortura basatiak salatu zituen lehendabizi. Sakabanaketa politikak, bere herritik ehunka, eta betiere mila kilometro ingurura dauden espetxeetako politika deuseztatzaileak nozitzera kondenatu du. Ibilbide luze honetan tratu txar etengabeak jasan ditu funtzionario eta guardia zibilen eskuetan. Azkeneko jipoia Entzutegi Nazionalean bertan (espainiarren erabateko justiziaren eredu) jaso zuen, azaroan deklaratzera eraman zutenean. Preso daramatzan 15 urte eta erdi hauetan, 98ko su-eteneko garaia salbu, pertsona psikologikoki txikitzea helburu duen bakartze egoeran daukate preso.
Honi guztiari sistematikoki ukatzen zaizkion bere hizkuntzan hitz egiteko eskubidea, ikasketak egin ahal izatea, osasun beharren betetzea edo eta komunikazioetan jasaten dituen murriztapen eta kontrolak gehitu behar zaizkio.
Ez zaio bere izaera politikoa onartzen, nahiz eta Euskal Herriko gatazka politikoaren eraginez dagoen preso. Nahiz eta kolektibo guztiari ezartzen zaion neurri eta tratu bereziekin automatikoki izaera ezberdina onartzen zaion, paradoxikoki bere izaera politikoa aintzat hartuz. Honela Euskal Herrian eta elkarlanean kolektibo gisa bizitzea ukatzen zaie, bai Unairi eta baita gainontzeko Euskal Preso Politiko guztiei ere.
Orain arte zerrendatu diren eskubide urraketa hauek guztiak, larriak izanagatik, ez dira inondik inora berriak. Gure senide eta lagunek beren egunerokotasunean pairatzen duten amaigabeko zigorra da. Baina Unaiekin, gainera, badirudi fijazio berezia dutela. Espainiar estatuak bere mendeku gose asegaitzaren jomugan kokatu du Unai, eta berriki bizitza osorako espetxeratzea helburu duten mugimenduak abiarazi ditu.
Apirilean, leporatzen zaizkion delituen kondenak bi epetan banatu nahi izan zizkioten. Horretarako, 82 eta 84. urteen artean ETA erakunde armatutik kanpo zegoela argudiatzen zen. Honek 82.era arteko delituak multzo batean eta 84. urtetik aurrerakoak beste multzo batean ezberdintzea ahalbidetzen zuen. Formula sinesgaitz honen bitartez, lehengo epeari dagokion kondena betetzean, bigarren epearen kondena aplikatu nahi izan diote, Espainian gehienezko kondena den 30 urteko espetxe zigorra bi aldiz betearaziz.
Maniobra honek, ordea, ez zuen inongo sostengu juridikorik eta espainiar legediaren oinarririk sendoenak dantzan jartzen zituen oinarrian zuen helburu mendekatzailea ageri-agerian utziz. Ondorioz, bide hau oraingoz albo batera utzi dutela dirudi.
Hala ere, ez dute beraien asmoetan etsi eta azaroan beste bide bati ekin zioten. Lehenagoko delituak bitan zatitzerik ez zegoenez, beste delitu bat sortu beharra zegoen. Horretarako, Ainhoa Mugika eta Txapote-ri ustez atzemandako eskutitz bat erabili dute. Gutun honen bitartez, Unairi erakunde armatua kartzelatik zuzentzen duela leporatu nahi zaio. Delitu honegatik jasoko lukeen kondena, gaur egun betetzen ari dena bukatzean bete beharko luke.
Unaik kanporatze data 2012.ean du ezarria. Maniobra honekin beste 30 urtez kondena luzatu, hau da, bizi osorako kartzela zigorra ezarri nahi diote.
Hainbat hilabete daramatzagu euskal gatazkaren inguruan esperantzarako garaiak datozela entzuten. Baina Euskal Preso Politikoen egoera begiratuz, hauek deuseztatzeko bide berriak, mendekua ezartzeko neurri berriak, eta azken finean sufrimendua areagotuko duten garai berriak soilik ikus daitezke. Ankerkeria hutsa da bakea ezpainetan erabili eta aldi berean konponbiderako prozesuan ezinbestekoak diren preso politikoen eskubideak bortxatzen dituen politika errepresiboari bidea zabaltzea. Hutsalak izango ez diren pausoak emango baditugu, ezinbestekoa da euskal preso politikoen giza eskubide eta eskubide politikoak errespetatzea. Unaienak eta baita preso politiko bakoitzarenak ere.