Xabier Alegriaren deklarazioarekin jarraituko du bihar auzi saioak (18/98).
Orain eta Ekin ataletan auzipetuta dago Alegria, eta fiskalak 51 urteko espetxe zigorra eskatu du.

Gabonetako etenaren ostean, Orain ataleko azken auzipetuaren deklarazioarekin jarraituko du bihar 18/98 epaiketako galdeketak, Madrilgo Casa del Campon. Xabier Alegria izango da hamargarren saioan deklaratuko duen lehenengo auzipetua. Orain atalean ez ezik, Ekin atalaren barruan ere deklaratu beharko du Alegriak. Hortaz, baliteke haren galdeketak luze jo eta saio bat baino gehiago behar izatea. Xabier Alegriaren deklarazioarekin, Orain atala amaituko da, eta ondoren Ekin atalean auzipetuta daudenen deklarazioekin jarraituko du ahozko epaiketak.
59 auzipetuetatik Alegriarentzat eskatu dute zigor eskaera handiena. Enrique Molina fiskalak 51 urteko espetxe zigorra eskatu du Alegriaren aurka, Oraineko Administrazio Kontseiluan izandako arduragatik, bai eta Ekinen izandakoagatik ere. Erakunde armatuko kide izatea, eta Gizarte Segurantzaren eta Ogasunaren aurkako zenbait delitu egitea leporatzen dizkio fiskalak.
Hain justu, fiskalaren eskariak dio Alegria KASeko liberatua zela eta beste zazpi pertsonei bezala KASek hilero soldata ordaintzen ziola. Halaber, Oraineko Administrazio Kontseilukoa zenean ETAko komandoei mezuak helarazteko Egin egunkariko Merkatuz eta Agurrak sailak erabili zituela leporatzen dio fiskalak.Xabier Alegriaren galdeketak aparteko garrantzia hartuko du, bereziki torturen salaketari buruzko deklarazioa egingo duelako. Izan ere, 2003ko otsailaren 20an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Pasaian (Gipuzkoa), Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako operazioaren barruan. Atxilotu ondorengo bost egunetan Guardia Zibilak bortizki torturatu zuela salatu zuen, eta hala berretsi zuen iazko azaroan Madrilgo 23. Instrukzio Epaitegian egindako deklarazioan.
Torturapean lortutako deklarazio hori da fiskalaren akusazioen oinarria, 18/98 sumarioaren barruan sartu baitu. Hala, Egunkaria auzian haren kontrako akusazioen oinarri diren agiriak Orain auzian ere erabili ditu.
Xabier Alegriaren tortura salaketa ez da egun hauetan Madrilen entzungo den bakarra. Izan ere, Nekane Txapartegik, Xaki ataleko auzipetuak, aste honetan deklaratuko du Madrilgo Lurralde Auzitegian, atxilotu zuteneko tortura salaketaren inguruan. Deklaratzera joateko baimena ukatu zion aurreko hilean epaimahaiak, eta aste honetara atzeratu zuten.
Ekin, Zumalabe eta Xaki.
Orain ataleko auzipetuen deklarazio hartzearekin amaitu zuten Gabonetako etenaren aurreko galdeketa saioa, eta, beraz, oraindik 35 akusatu falta dira erantzuteko: Orain ataleko bat (Xabier Alegria), Ekin ataleko hamaseiak, Joxemi Zumalabe Fundazioa ataleko bederatziak eta Xaki ataleko beste bederatziak. Orain arteko erritmoari eusten badiote, beste sei aste beharko dituzte akusatu guztiak galdekatzeko. Ostean, lekukoen galdeketak hasiko dira: hirurehundik gora lekuko daude proposatuta.
Azaroaren 21ean ekin zioten 18/98 auziko ahozko epaiketari, Enpresak-Egin-eko auzipetuen galdeketarekin. Enpresen ataleko auzipetuei euren ardurapeko enpresen jardunari buruz galdetu zieten batez ere, enpresa horiek KASekin zuten harremanari buruz. Egin-eko auzipetuei, berriz, Orain eta Ardatzako administrazio kontseiluaren funtzionamenduaz eta Gizarte Segurantzarekiko zorraz galdetu zieten batik bat. Hasiera liskartsua izan zuen epaiketak, eta modu berean jarraitu zuen; izan ere, fiskalaren galderei zergatik ez dieten erantzuten azaltzeko aukerarik ez die eman Angeles Murillo presidenteak orain arte deklaratu duten auzipetuei. Murillok epaiketaren eduki politikoa ezkutatu nahi izan du horrela.
Dirua biltzeko ekimenak jarri dituzte abian.
18/98 auziko epaiketarekin auzipetutako lagunei sortzen ari zaizkien gastuei buruzko xehetasunak plazaratu zituen orain gutxi 18/98 + lan taldeak. Eskubide zibil eta politikoen aldeko taldeak azaldu zuenez, auzipetutako 56 lagunek 423.400 euroko gastuari egin behar diote aurre hilero, Madrilerako joan-etorrietan, otorduetan eta ostatu hartzen. Horri gastu juridikoak, galdutako lanegun bakoitzekoak eta bermeetan ordaindu beharrekoak gehitu behar zaizkio. Alegia, auzipetu bakoitzak 7.600 euro behar izaten dituela hilero.
Auzipetuei laguntzeko asmoz eta gastua arintzeko, bono laguntzak ateratzeaz gain, herriz herri ekimenak antolatu dituzte. Bermeon, adibidez, ekarpena egin ahal izango dute hala nahi duten herritarrek gaur, hartarako goiz osoan jarriko dituzten mahaietan.
Alegriaren tortura lekukotasuna:
Egunkaria auzian atxilotu eta bost egunez Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egon zenean torturatu zutelako, salaketa jarri zuen Xabier Alegriak 2003ko martxoaren 26an, eta horren harira deklaratu zuen iazko azaroan Madrilgo 23. Instrukzio Epaitegian. Honatx salaketaren pasarte batzuk:
-Bidaia: «Atxilotuta Madrilera eraman ninduten. Bidaian ez zen kolperik egon. Berehala argitu zidaten 'eskubideak' eta kontu horiek ez zutela ezer balio hortik aurrera, hobe nuela 'onean' deklaratzea eta Guardia Zibilarekin nengoela, Intxaurrondokoekin, eta beraz, ez nuela irtenbiderik, hau ez zela izango aurreko beste atxiloketak bezala. Madrilera heltzerakoan, 'lasaitasuna' bukatu eta benetako atxilotze garaia hasiko zela. Ondoan, eskuinean, neukan Guardia Zibilak behin baino gehiagotan Madrilen txikituko- apurtuko ninduela mehatxatu zidan. Kaputxa bat jarri zidaten, eta harekin egin nuen bidaia».
-Mehatxuak: «Heldu ginenean, galdeketak berehala hasi ziren. Mehatxuak orduan etengabeak izan ziren, ez dagoela inor torturari aurre egiteko gai denik, ia Unai Romanoren berri nuen eta gauza bera gertatuko zela ez banuen deklaratzen, Gurutze Iantzi berak akatu zuela esan zidan batek. Eraso sexualen mehatxua ere etengabea izan zen (...) Nik begiak estalita neuzkan, horma baten kontra zutik eta atzean lauzpabost Guardia Zibil, tarteka batzuk sartu eta mehatxu larrienak bideratzen zituzten».
-Poltsa: «(...)Egiten zizkidaten galderei ez erantzutean, berehala flexioak egin arazi zizkidaten, barrabiletan kolpe batzuk eman. Gero, aulki batean esertzeko agindu eta bertan lotu ninduten, hankak eta besoak zelo zinta zabal batez aulkiari itsatsiaz. Plastikozko poltsak eskutan, berauen soinua belarri ondoan jarri eta mehatxatu ninduten 'poltsa' egingo zidatela, baita aplikatu ere. Bi saio jasan nituen, itotze sentsazio larria sentitu nuen. Apurtuta utzi nindutela esan behar dut. Lehenengo galdeketa bukatu eta atseden tarte bat eman zidaten, geroago hitz egingo nuenaren promesaren trukean. Bigarren saio honetan, baina, hitz egiteari uko egin nion eta poltsa berriro aplikatu zidaten».
-Deklarazioa: «Ofiziozko abokatuaren aurrean deklarazioa egiteko eskaini zidaten. Hiru aldiz entsaiatu eta behar bezala egiten banuen gero bakean utziko nindutela hitz eman zidaten. Deklaratzera nindoala oso argi mehatxatu ninduten prestatutakoa deklaratu edo bestela ondorio oso larriak pairatuko nituela. Deklarazioa burutu nuen, ofiziozko abokatua zegoenik ere ez nuen egiaztatu, ez nuen identifikaziorik eskatu eta aurrean jarri zizkidaten dokumentuak ere, ia irakurri gabe, sinatu nituen, errekonozitzen nituela aitortuz».