Ion Agirreri 92. artikulua ukatu diote. Enrike Letona (Ion Agirre Herri Ekimenaren izenean).
Ion agirre Aramaion jaio eta Arrasaten bizi zen euskal preso politikoa da. Lau hile barru 25 urte egingo ditu espetxean, eta orain dela 12 bat urte bete zituen espetxe zigorraren 3/4ak. Ionek 63 urte ditu, eta gaixotasun ugari ere bai; horietako batzuek bihotzekoa izateko arrisku handia dute. Galindo, Vera (azken horrek depresioa omen du, ja, ja...) kalean daude.

Ion, ez haserretu horiekin konparatzeagatik. Badakigu bi polo desberdinetan zaudetela; horiek, nahiz eta kalean egon, negatiboan, eta hi, positiboan, jakina. Baina justizia denentzat omen da berdina... Batzuetan justizia badagoela sinetsi nahi izaten dugu, eta borrokan jarduten dugu bidezkoa den zerbait lortzeko. Gero, errealitatearekin egiten dugu topo eta horrek ederki erakusten digu menderatzaileek euren legean ere ez dutela sinesten, eta zigorra bere muturreraino eramaten dutela. Horrela baino ezin da ulertu Ion Agirreren aurka hartutako erabaki politiko judiziala.
Joni ez diote 92. artikulua, gaixotasun larriak dituztenei aplikatzen zaiena, aplikatuko, eta beraz, ez dute askatuko. Ionen abokatuek aurkeztu zuten txosten luzeari, eta horren barne, Donostia ospitalean egindako txosten medikoari, ezezkoa eman diote, hamar lerro inkoherente, ulergaitz eta amorragarritan. Guk, behintzat, behin eta berriz irakurri ditugu, eta ez dugu ulertzen. Beraz, lerroz lerro hona ekartzea pentsatu dugu, jatorrizko hizkuntzan: A estos efectos, y teniendo en cuenta que el Código Penal establece como requisito indispensable para la concesión de la Libertad condicional que el interno se encuentre clasificado en 3º grado de tratamiento penitenciario, señala el art. 104.4 R.P. que «los penados enfermos muy graves con padecimientos incurables, según informe médico podrán ser clasificados en tercer grado de tratamiento penitenciario». No consta que los Servicios médicos del centro hayan emitido informe alguno en este sentido. Por el contrario, en el día de la fecha el interno se encuentra clasificado en 1º grado de tratamiento penitenciario, art. 91.2 R.P. si bien esta clasificación fue suspendida, por razones médicas, en fecha 02-06-05.
Lerro horietan esaten da artikulu hori aplikatzeko hirugarren graduan egon behar duela eta Ion lehen graduan sailkatuta dagoela. Gainera, espetxeko zerbitzu medikoek ez dutela egin inolako txostenik eta hori beharrezkoa dela. Guri galdera sinple bat bururatzen zaigu: zergatik ez diote Zaintza Epaitegitik eskatu txosten medikoa espetxeari? Edozein modutan, hurrengo lerroetan esaten du lehen graduan sailkatuta dagoela, nahiz eta arazo medikoengatik, bertan behera gelditu den sailkapen hori. Zertan gelditzen gara orduan? Lehen graduan dago edo bertan behera gelditu da sailkapena? Espetxeko zerbitzu medikoek ez badute egin inolako txosten medikorik, non oinarritu ziren lehen graduko sailkapena bertan behera gelditzeko? Ez da izan behar oso argia konturatzeko kontraesan handiak daudela hamar lerro horietan.
Erabaki judiziala edo erabaki politikoa? Estatu espainolean denok dakigu bi estamentu horiek erabat lotuta daudela. Zergatik sortu zuten Audientzia Nazionala? Zergatik Espetxeko Zaintza Epailea Audientzia Nazionalean? Garbi dago: erabaki judizialak ere politikoki erabat kontrolatzeko. Garai berriak omen datoz, baina Espetxeko Zuzendaritza Zaintzan eta atzetik dagoen Gobernuan borondate gutxi dagoela iruditzen zaigu. Har ezazue erabaki zuzena eta har daitekeen bakarra: Ion Askatu! Ion ez balitz izango preso politikoa aspaldi egongo zen kalean, baina guk ezin dugu ezezkorik onartu eta gure esku dagoen guztia egingo dugu erabaki hori aldatzeko. Justiziarik ez dago, jakina, baina esperientziak erakutsi digu borrokatuz gauzak lor daitezkeela. Guk, orain arte bezala, bide horri helduko diogu. Kartzelako egonaldia egun batez bakarrik laburtzeak ere, gure ahalegina merezi du; nola ez, lehenbailehen kaleratzeak, eta harekin justizia egiteak.
Animo Ion!.