Juanjo Rego egoera larrian. Benantzio Sebastian, Jon Bitoria... - Intxaurrondoko preso ohien izenean.
Beste heriotza kondena bat. Biziraupena bera ere ziurtatua ez duen beste euskal herritar bat eta oinarrizko eskubideen defentsa urjentziazkoa egiten digun beste egoera larri bat.

Juan Jose Rego Vidal. Intxaurrondoko euskal preso politiko horrek hamarkada bateko espetxealdia bete zuen uda-partean. 66 urteko borrokalari horren egoerak ezin hobeki erakusten digu euskal preso politikoen errealitatea eta izaera politikoa. Kasu honetan, osasun egoera larria dela eta, ez zaizkio errespetatzen bizirauteko ezinbesteko zaizkion oinarrizko bizi-baldintzak, bere senideengandik urruntzeko politika sistematikoari gehitu beharrekoa. Zigor bat bete behar omen duen preso soil bat baino ez da espetxe agintarientzat (presoen sufrimendutik bizi direnentzat). Juanjori aplikatzen ari zaizkion aparteko neurriek, ordea, agerian uzten dute bizi-bizi dirauen gatazka baten parte izateagatik dagoela preso, eta preso politiko izaera horretan oinarritzen dira bizirauteko ezinbestekoak zaizkion bizi-baldintzak ukatzeko.
Juanjoren osasun egoera kezkatzekoa da oso. 66 urteko adinarekin harritzekoak ez diren gaitzen zerrenda amaigabea bihurtu da azken hamar urteetako espetxealdiaren eraginez. Mansillako (Leon) espetxean, gainera, ez du tratamendurako inolako baldintzarik (mediku tratamendua, elikadura, higienea), ez sendatzeko ez ondorioak arintzeko. 1991tik du diabetesa diagnostikatuta, egunean zenbaitetan odolean duen azukrearen kontrola egitera behartzen duena, eta nabarmen egin dio okerrera azkenaldian. Diabetes horrek ikusmen galera handia ekarri dio: ezker begian ia erabatekoa eta retinopatia eta kataratak abiatu zaizkio begi bietan. Mediku txostenen arabera, entzumenaren %60 eta %30 galdu zuenetik okerrera doa. Inolako tratamendurik jasotzen ez badu, zer nahi dute bada?
Zorabioak eta «ausentziak» ere pairatu izan ditu (hainbat aldiz, txaboloan, gauez, non zegoen ez zekiela geratu da, eta, gainera, ez daki zenbat denbora iraun duen egoera horrek). Erizaindegian konortea galtzera iritsi zen behin. Horrez gain, bizkar eta artikulazioetan oinazeak ditu. 1999an Navalcarnerotik Leona anbulantziaz ez eramatearren belaunean infiltrazio bat egin eta trasladotarako ohiko furgoi batean garraiatu zuten. Juanjoren oinazeei kasurik ez, noski.
Espetxeko elikadurak hipertentsioa sortu dion arren, elikadura egokia ez eskeintzeaz gain, bere patrikatik erosten ere ez diote uzten. Ahoan hortzordea erabili beharrean dabil, eta apurtutakoan berak kolatu behar izan du tailerreko lantresnekin. Horri guztiari, azken urtean prostata arazoak gehitzeaz gain, arritmia eta tronbosi bi izan dituela nabarmendu beharko genuke (azaroan).
Egoera honetan espetxean baldintza horietan jarraitzea erabaki politiko baten ondorio izan liteke soilik. Juanjoren izaera politikoaren onarpen estalia. Are gehiago espetxean pairatzen dituen bizi-baldintzak ikusita (agerian geratu direnez gain, dispertsio politikak dakartzan guztiak). Horregatik, Juanjorentzat beste euskal preso politiko guztientzat bezala, behin betiko izaera politikoa onar dadin eskaria egin behar dugu. Honela, Euskal Preso Politikoei dagozkien oinarrizko eskubideak onar daitezen: pertsona gisa, preso izanda ere dagozkienak, nahiz kolektibo gisa dagozkienak (gatazkaren konponbidean parte hartu ahal dezaten).
Nabarmendu beharko genuke 2004ko urtarrilean, «Dirección General de Instituciones Penitenciarias» delakoak uko egin ziola Euskal Herrian kokaturiko espetxeren batera ekar zezaten egindako eskaerari eta, esan bezala, harrezkero egoerak okerrera egin du. Arrazoia pisutsua izan zen: «Las circunstancias concurrentes no se consideran suficientes, en este momento, para modificar el cambio a otro Centro Penitenciario». Inolako erabaki politikorik ez erantzun horren atzean, beste behin ere.
Hori da Juanjoren egoera, eta badakigu beste adibide ugari dagoela gure herrian. Baina ez gaude prest inolako urratsik egin gabe gatazkaren amaieraren aldeko eskaerak eta hitz onak besterik gabe entzuteko, halako egoerei buelta ematea haien ardura baita. Pairatzen dugun bortizkeria egoera amaitzeko hitz politak kaleratzen ari da azkenaldian PSOE (eta ikurrinari eskuartean eusteak botoak ekar ditzakeela ikasi berri duen PSE-EE). Baina bere historiak ez fidatzeko esaten digun bezalaxe, azken hilabeteetako ibilbideak argi uzten digu hitzetatik harago ez dagoela ezer egiteko prest. Bortizkeria egoera larriak indarrean mantentzen dizkigu eta horietan bat gehiago baino ez da Juanjo heriotzara gerturatzen duen hau.
Ezin da egoera hau denbora gehiagoz luzatu. Ezin diogu PSOEri hitz erakargarrien mezurik zabaltzen utzi praktikarik bortitzena mantentzen duen bitartean. Bata eta bestea ez dira konpatibleak. Eta zapalketa mezua mantentzea jasanezina egiten bazaio zapalketa praktikari ere amaiera eman beharko dio. Borondate hori duelako egin beharko du, edo guk behartzeko gaitasuna frogatuko dugulako, baina Juanjorena bezalako egoerei irtenbidea eman behar zaie. Honek ezin du luzaroan itxaron.
Gatazkaren amaieraren alde eragin nahi duen edonorentzat ezinbesteko eskakizuna inposatzen du errealitate krudelak: status politikoa orain! Dispertsio politika honek nahikoa biktima eragin duelako, Juanjoren egoera jasanezina delako, etxean eta bizirik nahi dugulako: Juanjo Rego kalera!.