«Estatu polizialean bizi gara», esan du zigorturiko gazte bizkaitarren defentsak.
22 urteko espetxe zigor bana ezarri berri die Entzutegi Nazionalak Bizkaiko bost gazteri, eta beste bati, berriz, 26 urtekoa. Ebazpenen helegitea aurkeztu duten arren, haien abokatu eta senideak «bermerik gabeko» prozedura judizialei buruz jardun ziren atzo Bilbon. Esaterako, espetxealdiak agintzeko oinarri dituzten frogak ez direla sinesgarriak aipatu zuten. Abokatuak zera ondorioztatu zuen: «Eskubidezko Estatua ezabatzen ari da; Estatu polizialean bizi gara».

Azkenaldian Bizkaiko hainbat gazteren aurka Entzutegi Nazional espainolak ezarritako zigor gogorren harira, zera ondorioztatu zuten atzo Bilbon: «Eskubide Estatua ezabatzen ari da, eta Estatu polizialean bizi gara orain». Adierazpen horiek Alfonso Zenon abokatuak egin zituen agerraldian.
Hain zuzen, Zigor Blanco, Egoitz Coto, Jon Sebasten Gurtubai, Bittor Franco eta Ander Arrillaga gazteei 22 urteko espetxe zigorra ezarri berri diete. 2002ko abenduan atxilotu zituzten Ertzaintzarekin izandako istilu batzuetan parte hartu izana egotzita. Operazio hartan, Aitor Urtasun ere hartu zuten, baina absoluzioa eman dio orain aipatu auzitegiak.
Beste auzi bategatik bada ere, Orkatz Gallastegiri 26 urteko beste kartzela zigor bat ezarri izana ere salatu zuten.
Gazte horien senideak alboan zituela, Zenonek esan zuen 2002an eta 2003an Bizkaian 50 atxilotu baino gehiago izan zirela; horietatik 15 batek jaso dutela zigorra. Ebazpenen helegitera jo dutela ere azaldu zuen.
Nolanahi ere, garai hartan atxilotu lagunen erdia baino gehiago absolbituta geratu da, nahiz eta horietako zenbaitek bi urte baino gehiago eman giltzapean. Zigorrak ezartzeko, oro har, bi froga mota hartu dira oinarri, eta defentsak horien sinesgarritasun ezaz jardun zuen.
Bermerik gabeko prozedura.
«Alde batetik, gazte batzuk zigortzeko hartu dituzten froga bakarrak polizia etxean, torturapean, egindako deklarazio polizialak dira. Tratu txarren salaketak jarrita daude, baina Auzitegi Nazionalak froga hori nahikoa dela dio», esan, eta zera gaineratu zion horri Zenonek: «Bestetik, ADN frogetan oinarritu kondenak daude. Ertzaintzak egiten ditu horiek bere erara, inolako bermerik gabe, epaile baten auto judizialik gabe... poliziek soilik egiten dute hori, eta gure ustez, gainera, askotan era ilegalean... guztia jartzen dute atestatu polizialean, eta analisi hori daramate epaiketara gero».
Hori guztia aintzat hartuta, Ertzaintzak, eta hartara, EAJk berak «apustu errepresiboa» egiten dutela gaitzetsi zuen: «Azken finean, ‘Eskubide Estatua’ delakoa ezabatzen da, eta Estatu polizialean bizi gara. Poliziak egiten duenak balio du, eta epaiketetan esaten direnek, guk aurkeztutako lekukoek... ez dute ezertarako balio, epaiketek ere ez, polizia-etxean egiten diren froga ilegalak balio baitute», deitoratu zuen.
Salaketa horri Gurasoak elkarteko Txusa Etxeandiak ere eman zion segida gero. Alegia, hainbat urtetan euskal gazteek bizi duten «kriminalizazioaren» salaketa berretsi zuen, eta iritzi hori epaiketetan egiaztatzeko beta izan dutela aipatu zuen: «Muntaien salaketa ez da sentsazio bat soilik, kasu hauetan, Polizia autonomikoaren gezurrak eta muntaiak agerian gelditu dira», esan zuen.
Hirukoa auzitegiari «laguntzen».
Baina, horren ardura EAJri ez ezik, Lakuako Gobernuko beste kideei ere egotzi zien: «Hirukoa ‘beharrezko kolaborazioarekin’ ari da jokatzen. Muntaia eta gezurrekin epaiketa eta sententzia hauek aurrera eraman daitezen laguntzen ari zaio Entzutegi Nazionalari».
Besteren artean, arlo horretan aipatu zituen politikarien ahotan entzundako eskubide ororen aldeko, zein inkomunikazioaren edota Entzutegi Nazionalaren aurkako kritikak. «Esaten dute bai, baina gero ez dute aplikatzen», salatu zuen.
Esaterako, protokoloaren nondik norakoak gogorarazi, eta zera laburtu zuen Etxeandiak: «Gezur bat gehiago da hori. Ez dugu nahi protokolorik, ezta bideo kamerarik ere. Ez dutena egin behar inkomunikazioa aplikatzea da».
«Truke politikorako merkantzia gisa».
Gazteen aurkako prozedura judizialak salatzearekin batera, amnistiaren aldeko mugimenduko Julen Larrinagak horien guztien hastapenez jardun zuen atzo. Alegia, gogorarazi zuenez, atxiloketak jazo baino bi hilabete lehen, Barne sailburu Javier Balzak esan zuen «bide polizialez» ETArekin amaitzerik dagoela; Larrinagak argitu zuen adierazpenok Estatu espainoleko Barne Ministerioko buru ohi Angel Acebesekin egin beharreko bilera bati begira egin zirela.
«Ez da kasualitatea bilera egin baino bi egun lehenago ertzainek operazio polizial hori egitea Guardia Zibilarekin batera. 37 gazte atxilotu zituzten», salatu zuen.
Hala, zera esan zuen: «Gazte hauek truke politikorako merkantzia bezala erabili zituzten». «Ertzaintzak eta Balzak egindako lan zikina garbira pasatzen du Auzitegi Nazionalak, legalitate itxuraz», gaineratu zuen gero.
Uneotako egoera politikoaz ere mintzo zen Larrinaga. Alegia, gatazka politikoa konpondu bidean eratu mahaiek «porrot» egingo dute haren ustez, Euskal Herrian «prozesu demokratiko bat» zabaltzen ez den bitartean.
Hartara, amnistiaren aldeko mugimenduak zera eskatu zuen: «Errepresioaren amaiera» eta «eskubideak itzultzea eta zanpaketarako tresnen desmantelazioa».