Indarkeria merkea. Floren Aoiz.
Dakigunez, Estatuak bereganatzen du zilegi den indarkeriaren monopolioa. Gainera, demokratikoak ez diren estatuek beren indarkeria onartzen dute soilik, legezkoa izan ala ez. Polizia, militar edo funtzionarioen ekintzak onuragarriak dira, baita estatuaren onerako beste edozeinek egiten dituenak ere. Estatu terrorismoa estatuaren beste tresna bat da, eta horrenbestez, estatuaren zerbitzarien laguntzaz babesten dira kriminalak. Batzuek lehergailuak paratzen baldin badituzte, etorriko dira egileak absolbituko dituztenak. Aipagarria da espainiar epaileen miopia selektiboa, froga batzuk ez ikusteko ahalmena, batetik, eta froga birtualak aurkitzeko erraztasuna bestetik. Dena, jakina, justiziaren izenean.

Horrelaxe gertatu da Angel Berruetaren auzian. Pilar Rubio, lekukoen arabera erailketa bultzatu eta eragin zuena, errugabe utzi dute. Ez omen dago zigortzeko arrazoirik, parte hartu zuenik ez baitago frogatuta. Froga faltsuen faktorian benetakoak ez dituzte ikusten, begien parean izanda ere. Ez dituztelako ikusi nahi, jakina. Ez delako komeni. Aski gogorra izan zaielako eraileak zigortzea. “Navarra es diferente”: hemen estatu arrazoiak ez du ate irekirik uzten.
Argi gorriak piztu dira berriro. Oraingoz ez da ozena, baina entzun, entzuten da jadanik lurpeko mugimenduen soinua, hilik ez dagoen Nafarroaren arnasa. Batzuk konturatu dira, eta oztopoak jarri nahi dituzte. Pilar Rubiorena testuinguru horretan kokatu beharra dago, ezinbestean. Erabaki horiek ez dira zerutik jaisten. Izen eta abizenak dituzte beren arduradunek. Eta, diru publikoaz betetzen dituzte beren poltsikoak, egindako lanari esker.
Pilar Rubio kalean utzi dutenak pertsona errespetagarriak omen dira. Beharbada, beste edonor baino gehiago direla pentsatuko dute (espainiar epaile eta fiskal gehienek hala egiten dute), jende xumearen gainetik daudelakoan. Eta egia da: jende xumearen gainetik daude. Edonor ez da Pilar Rubio absolbitzeko gai. Meritu bereziak behar dira hori egin ondotik lasai asko gelditzeko.
XVI. mendeko nafarrek esan eta idatzi zuten: «Espainiarrak Nafarroan sartu zirenetik, akabo justizia!» Okupazio epaitegiak okupazio epaitegiak dira, hemen eta Japonen, duela bost mende eta oraintxe bertan. Adierazpenak mintzo dira, garbi mintzo ere. Irtenbidea ere garbi azaltzen zaigu.