Hogei urte ardurak argitu gabe. Irutxuloko Hitza.
Guardia Zibilak Altzan atxilotu zuenetik 20 urte bete dira gaur; bertsio ofizialak heldulekurik ez duela argi utzi dute datuek, baina Zabalza nork hil zuen ez da argitu.

Mikel Zabalza Orbaizetan (Nafarroan) jaio zen. Hainbat lekutan lanean ibili ondoren, Donostiara joan zen bizitzera eta Tranbia Konpainian hasi zen lanean, autobus gidari. Altzan bizi zen, eta neska-laguna donostiarra zuen.
Mikel Zabalza 1985eko azaroaren 26an, 02:30 aldera, atxilotu zuen Guardia Zibilak Altzan, 32 urte zituela. Operazio berean Idoia Aierbe, Zabalzaren neska-laguna, Manuel Bizkai lehengusua eta Jon Arretxe atxilotu zituzten. Zabalzaren Aitor eta Patxi anaiak ere atxilotu egin zituzten Orbaizetan, baina 10 orduren buruan aske utzi zituzten. Hamar bat egun geroago Idoia Aierbe, Jon Arretxe eta Manuel Bizkai askatu zituzten, epailearen aurrean deklaratu ondoren. Handik 20 egunera Mikel Zabalza hilik agertu zen.Guardia Zibilak emandako bertsioaren arabera, atxilotu zuten gauean bertan, 05:30 aldera, Zabalza Endarlatsa ingurura Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan eraman zuten eta han ihes egin zuen. «Bere borondatez esan zigun Endarlatsa inguruan armaz betetako zulo bat zegoela, tunel batean. Bi guardia zibil zihoazen aurretik, linternarekin, eta hirugarren bat atxilotuaren ondoan, hari besotik heltzen. Une batean ondoan zuen guardia zibilari potroetan ostikoa eman zion, eta tuneleko paretako zulo batetik alde egin zuen. Guardia zibilek ez zuten bere arrastorik topatu», zioen Guardia Zibilak epaitegira bidalitako txostenak. Armaz betetako ustezko zuloaren arrastorik ez du sekula topatu Guardia Zibilak.Jende askok ez zuen bertsioa sinetsi. «Alde egin zuela esan zuten. Alde egin, nora? Igerian ez zekien eta? Neska-lagunaren bila 26 guardia zibil etorri ziren, lo zegoen neska baten bila, eta hura zulo bat topatzera hiru guardia zibilek eraman zuten gauez? Faborez», adierazi du Mariano Lopetegi Zabalzaren lagun eta lankideak.
Herritar askok, eta hainbat alderdi politikok eta arduradun politikok ere ez zuten Guardia Zibilak kontatutakoa sinetsi. Donostiako Udalak abenduaren 6an kasua argitzeko herri akusazio bezala aurkeztea erabaki zuen. Herri Batasunak aurkeztu zuen mozioa, eta HBren, EAJren eta EEren aldeko botoekin onartu zen; PSOEk aurkako botoa eman zuen eta AP abstenitu egin zen.
Mobilizazio ugari.
Beste askok ere ez zuten Guardia Zibilak esandakoa sinetsi, eta Joxe Arregirena bezalako beste kasu baten aurrean zeudela pentsatu zuten. Mobilizazioak etengabeak izan ziren. Abenduaren 6an Donostiako Tranbia Konpainiako langileek greba orokorra egin zuten. Beste hainbat mobilizazio ere egin zituzten, baina Lopetegik oroitzapen gazi-gozoa du gaiaz. «Mikelen lankide batzuk mobilizatu ginen, baina beste askok ez zuten gertatutakoa ikusi nahi. UGTk zuen gehiengoa, eta niri aurpegira ere esan zidan batek 'jakina zen ETAkoa zela'. Pentsa! Mikelen aldeko xingolak jarri genituen eta nik bi pertsona topatu nituen horiek kentzen», azaldu du.
Abenduaren 8an Amnistiaren Aldeko Batzordeek manifestazioa antolatu zuten Bulebarrean, eta Poliziak gogor jo zuen manifestarien aurka. Egunak pasatu ahala, bertsio ofizialak gero eta sinesgarritasun gutxiago zuen. Susmorik beltzenak indartuz joan ziren, eta horretan Zabalzarekin batera atxilotutakoen kontakizuna erabakigarria izan zen. Tortura latzak jasan izana salatu zuten. Manuel Bizkaik goizaldeko 06:00ak arte kuartelean Mikelen oihuak entzun zituela adierazi zuen. Idoia Aierbek Intxaurrondon bitan Mikel ikusi zuela deklaratu zuen: «Lehenengo aldian eskuak atzean lotuta eta buruan plastikozko poltsa zuela ikusi nuen. Bigarrenean, Mikelen tankerako gorputz bat ikusi nuen ohatila batean estalita, eta bi guardia zibili 'oso gaizki dago' esaten entzun nien». Mariano Lopetegik ere egoera azaldu digu. «Mikelek, atxilotua izan baino lehen, hiru ebakuntza izan zituen. Denbora luzea eman zuen bajan, eta atxilotu zutenean hiruzpalau egun baino ez zeramatzan lanean. Kuartelean izugarrizkoa egin zioten, ahul zegoen, eta hil egin zuten». Mariano Lopetegi Idoia Aierberen koinatua ere bada, eta garai hartan Aierbek jasandakoa izan du gogoan. «Aske utzi zutenean Madrildik autoz gurekin etorri zen, eta lur jota zegoen. Garai hartan oso gaztea zen arren, geroztik ez du burua altxatu, eta osasunez behera egin du etengabe».
Guardia zibilek aurkitu zuten gorpua.
Guardia Zibilak abenduaren 15ean jakinarazi zuen Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaian agertu zela. Epaileak abenduaren 7an agindu zuen Bidasoa ibaia dragatzea, eta Gurutze Gorriko urpekariak hiru egunetan ibili ziren jo eta su gorpuaren bila. Ez zuten deus aurkitu, eta han gorpurik ez zegoela ondorioztatu zuten. Gurutze Gorriko urpekariek miatutako leku berean aurkitu omen zuten guardia zibilek Mikelen gorpua; guardia zibilak baino ez zeuden une batean, hain zuzen ere. «Beraiek eraman eta beraiek ekarri zuten, hilik. Beraiek eduki zuten, argi eta garbi; bestela nola? Barrionuevok esan zuen azalduko zela eta handik hiru egunera ekarri zuten», azaldu digu Mariano Lopetegik.
Jendearen erantzuna areagotu egin zen, eta abenduaren 18an greba orokorra egin zuten. Donostian, Euskal Herriko beste leku askotan bezala, Poliziarekin istilu larriak izan ziren. Abenduaren 21ean manifestazioa egin zen. Ordura arte Donostian ez zen tamaina hartako manifestaziorik inoiz ikusi.
Bertsio ofizialak heldulekurik ez zuela argi ikusi da, baina oraindik ardurak argitu gabe daude, 20 urte geroago.
Bertsio ofiziala gezurtatzeko datuak.
Zabalza familiak 1985eko azaroaren 28an bertan salaketa aurkeztu zuen. Baina, 1988an kasua itxi egin zuten, nahikoa froga ez zegoela argudiatuta. 1995ean, kasua berriro ireki zuten, Zabalza torturen ondorioz hil zela zioten hainbat datu plazaratu baitziren. Hona hemen datu eta lekukotasun batzuk.
-El Mundo: Egunkari horrek 1995eko urrian kaleratu zuen Intxaurrondoko kuartelean frogak manipulatu egin zituztela eta ardura nork hartuko zuen erabakitzeko zotz egin zutela. Albiste horiek funtsezkoak izan ziren kasua berriro irekitzeko.
-Angel Lopez Carrillo: 1996an lekuko gisa deklaratu zuen polizia honek, eta Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibilak inplikatu zituen Zabalzaren heriotzan.
-Vicente Soria: Guardia zibil ohiak zenbait komunikabideri aitortu zien Zabalza Intxaurrondoko kuartelean hil zela. 1996an eta 1999an Donostiako epailearen aurrean adierazpen horiek ukatu egin zituen. Antonio Rubio eta Manuel Cerdan kazetariek grabazio bat aurkeztu zuten froga gisa. Gainera, 2001eko urrian, Madrilgo epaitegi batek Soriak El Mundo-ko kazetariekin izandako elkarrizketa egiazkotzat jo zuen.
-Auzitegiko medikuen txostena: 1996ko uztailean Donostiako Auzitegiko medikuen txostenak esan zuenez, Zabalza ez zen Bidasoan hil. Hainbat datu eman zituzten: sabelean ibaian baino 11 aldiz trietanolamina gehiago zuela eta horrek ez zuela azalpenik; gorpuan ez zegoela ibaiko animaliek eragindako kalterik... 1985eko autopsiako frogak manipulatuta egon zitezkeela ere bazioen.
-Pedro Luis Migueliz, Txofo: Poliziaren salatariak 1996an deklaratu zuen epaile aurrean eta aldez aurretik El Mundo-ri eginiko adierazpenak berretsi zituen: Dorado eta Bayoguardia zibilen torturen ondorioz hil zen Zabalza. Doradok eta Bayok inputatu gisa deklaratu zuten, baina ez dituzte auzipetu.
-Intxaurrondoko Guardia Zibilen Koordinadora: Bai 1985ean, bai 1995ean, Intxaurrondoko Guardia Zibilen Koordinadora delakoak hainbat komunikabideri jakinarazi zien Zabalza Intxaurrondon hil zela.
-Juan Alberto Perote: CESIDeko buru ohiak 1997ko irailean deklaratu zuenez, Pedro Gomez Nieto guardia zibilak esan zion Zabalza Intxaurrondon hil zutela. Gomez Nietok epailearen aurrean ukatu egin zuen, baina gaiari buruz Peroteri atzemandako transkripzio bat badago eta baita elkarrizketaren zinta ere.
-Epailearen autoa: 2000ko maiatzean Maeso Donostiako instrukzio epaileak auto bat kaleratu zuen, eta bertsio ofiziala baztertu egin zuen. Horretarako, datuak zerrendatu zituen: Endarlatsara soilik hiru guardia zibilekin joan izana, Zabalzarekin batera atxilotutakoek esandakoa, Zabalza Intxaurrondotik atera zutela frogatzeko inolako agiririk ez egotea -legez derrigorrezkoa den arren-, Zabalzaren gorpua aurkitu zuten lekua lehenago Gurutze Gorriak miatu izana eta 1996ko auzitegiko medikuen azterketa.
«Orduan mina eta amorrua sentitu genituen, eta orain min handia geratu zaigu barruan».
Arantza Zabalzak, Mikelen arrebak, Irutxuloko Hitza-rekin hitz egin du eta justiziarengandik ezer ez duela espero adierazi du.
-20 urte eta gero, nola gogoratzen duzue Mikelen heriotzaren garaia?
Oroitzapena ez da batere goxatu; beti bezain gogorra edo gogorragoa dela esan nahi dut. Batzuek esaten dute denborak goxatu egiten duela, baina ez da egia. Beharbada, ez dugu lehengo negargura, baina mina, izugarrizko mina, ematen du. Falta hori ezin da bete. Gurasoak hiltzen dira, eta hori onartzen duzu, badakizulako helduagoak direla, zaindu dituzula... baina Mikelen falta izugarria da. Orduan mina sentitu genuen, baina baita amorru ikaragarria ere, eta orain min handia geratu zaigu.
-Bertsio ofiziala ezeztatzeko datuak daude, baina epaitegian ez da ardurarik zehaztu. Nola daramazue hori?
Penagarria da. Inork ez du sinesten haiek diotena, baina beraiek badituzte hariak ezer mugi ez dadin. Gauzak frogatu dira, baina ezin izan da urratsa egin ardurak zehazteko.
-Kasua inoiz argituko dela uste duzue?
Ez dut batere itxaropenik. Benetan, kasuko arduradunak zigortzea izugarrizko sorpresa litzateke guretzat. Gauzak oso lotuta dituzte, eta gainera, kasuan zerikusia izandako asko desagertzen ari dira.
-Jendearen babesa izan al duzue?
Bai, gure herriaren babesa izan dugu beti eta kanpoko jendearena ere bai. Hasieran bazen «zerbait egongo da» zioenik eta hori mingarria izan zen, batez ere gurasoentzat.
-Mikelenaz geroztik, beste tortura salaketa asko izan da. Zer sentitzen duzue lekukotasun horiek entzutean?
Zaila da zer sentitzen dugun esatea, baina bi hitzetan esateko: ez dela aldatzen. Mikeli gertatutakoaz oroitzen gara.
Zintaren eta puzzleko piezaren bila.
Zabalza kasua une honetan Donostiako Elena Rodriguez instrukzio epailearen esku dago. Azken albisteak Juan Alberto Perote CESIDeko buruaren eta Pedro Gomez Nieto guardia zibil eta CESIDeko kidearen arteko elkarrizketari buruzkoak dira. Elkarrizketa horretan, Gomez Nietok Peroteri esaten dio, bere ustez, Zabalza Intxaurrondon hil zela, torturen ondorioz. «Eskuetatik joan zitzaiela uste dut eta galdeketan geratu zitzaiela. Zulo bat aurkitzera inor ez da inoiz modu horretan eramaten. Pentsatzen dut poltsa egitearen ondorioz hil zela. Akats asko egin zituzten. Galdeketen ondoko gelan familiarrak zeuden...», dio Gomez Nietok elkarrizketan. Era berean, Zabalza eta beste atxilotu batzuk Intxaurrondon nola torturatu zituzten hoztasun osoz kontatzen du.
Elkarrizketaren transkripzioa aspaldi dago sumarioan, Peroteri atzemandako CESIDen paperen artean baitzegoen. Dena dela, El Mundo TVk Antena 3 telebistarako eginiko saio batean, zinta horren zati batzuk entzun daitezke. Akusazioko abokatu Iñigo Iruinek proposatuta, epaileak 2003ko urrian eskatu zion aipatutako zinta A3 telebistari. Ez zutela programaren berri erantzun zuten A3koek; ondoren, bazutela onartu behar izan zuten, baina beste zinta bat bidali zuten... Azkenean, zinta aurtengo urtarrilean iritsi da epaitegira. Orain akusazioak CESIDeko kideen elkarrizketaren grabazio osoa eskatu du, bideoan zatiak baino ez daudelako. Akusazioak aurrera egiteko pieza asko du, baina puzzlea osatzeko pieza bat falta du. Kasu honetan urtetan indarrean egon den «isiltasunaren legea» norbaitek haustea lortzen denean azalduko da, ziurrenik, falta den pieza.