Jean-François Lefort eta Juan Carlos Subijanak gose- eta egarri-greba utzi dute.
Urriaren 28an bi presoek abiatu zuten borrokari buruz jarrera hartu dute azkenik Villefrancheko arduradunek. Jean-François Lefort eta Juan Carlos Subijana bizi-baldintza duinak aldarrikatzeko baraualdian ziren ordutik, eta igandean egarri-greba erantsi zioten horri. Bisitak ostiralean eta ahal denean larunbatean izatea hitzartu ostean utzi dute protesta.

Jean-François Lefort eta Juan Carlos Subijana euskal preso politikoek bisiten inguruan eginiko eskaerari atzo eman zion azkenik erantzuna Villefranche espetxeko zuzendaritzak. Hala, akordio batera iritsi ziren, eta horren arabera, bisitak ostiraletan izango dituzte aurrerantzean bi presoek, eta tokia dagoenean, horiek larunbatetara pasatuko dizkiete.
Adostasuna Lefortek eta Subijanak azkenaldian egin duten protesta gogorrarengatik iritsi da. Hain zuzen ere, bi euskal presoek gose-greba abiatu zuten iragan urriaren 28an kartzelako bizi-baldintzak salatzeko eta beren status politikoa aitortu eta hura ezar diezaitela aldarrikatzeko.
Gainera, joan den igande gauean baraualdi horri egarri-greba erantsi zioten bi euskal herritarrek, zuzendaritzak haien eskaerei erantzunik ematen ez ziela ikusita.
«Osasuna arriskuan jarri behar».
Askatasunak atzo beste behin salatu zuen Villefrancheko kartzelaren jarrera, eta beren eskubideak errespeta diezazkieten Lefortek eta Subijanak «osasuna arriskuan jarri behar izan» dutela nabarmendu zuen.
Prentsa adierazpenean, dena den, Alberto Lopez de la Calle eta Mikel Illarramendi euskal preso politikoen kasua gogorarazi nahi izan zuen. Alegia, biak Moulins-Yzeureko espetxean mitard-ean jarraitzen dute, senideen eta lagunen bisitarik gabe urriaren 22tik. Egun horretarako onartua zuten bisita bikoitza aldarrikatzen dute horiek; izan ere, «bat-batean kendu zieten».
Besteren artean, gainera, errepresioaren aurkako taldeak ez zituen ahaztu Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu presoak. «Urtebetean ezarri dizkieten salbuespeneko neurriak salatzeko hainbat gose- eta egarri-greba egitera behartuta egon dira, eta Baumettes-eko presondegian egoera ez da inondik inora aldatu», salatu zuen gogor.
Askatasunaren aburuz, kasu horiek guztiak testuinguru berean sartzen dira. Eta hala, berriz egin zuen deia larunbatean Baionan izango den manifestazioan parte hartzeko.
Egoera horietan frantses presondegietan sakabanaturik dituzten euskal preso politikoen aurka «azkenengo hilabeteetan egin dituzten erasoak, apetaren araberako neurriak, sakabanaketa indartzea, probokazioak, mehatxuak, jipoiak, transferrak gehiago urrunduta, bakardadea, bakartzea... salatzeko, hitz batean, oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratzen dizkietela salatzeko», mobilizazioa izango dela azaldu zuen.
«Erantzuna, ezinbestekoa».
Hartara, ideia horri honako hau gaineratu zion taldeak: «Gizartea mobilizatzea ezinbestekoa da euskal preso politikoei dagokien status politikoa behingoz estatuek onartzeko eta orain arte egin duten politika alde batera uzteko».
Larunbateko protesta 17.00- etan abiatuko da Baionako Euskaldunen Plazatik, eta Askatasunak atzo jakinarazi zuenez, deialdiarekin hainbat eragilek egin dute bat.
Besteren artean, Anai Artea, euroagindua eta 18/98 prozeduraren aurkako plataforma eta Euskal Herriko LCR Pays Basque aipatu zituen errepresioaren aurkako antolakundeak igorritako idatzian.
Lefort eta Subijanak gose eta egarri greba utzi dute espetxeko zuzendaritzarekin akordio batetara iritsi ostean.
Aurreko urriak 28an Jean François Lefort eta Juan Carlos Subijana euskal preso politikoek, gose greba baten bidez, hasiera eman zioten borrokari, eta egun t'erdiko egarri greba egin ondoren, gaur Jean François Lefort «Lof» eta Juan Carlos Subijana «Txanpi» euskal preso politikoek gose eta egarri greba utzi dute espetxeko zuzendaritzarekin akordio batera heldu direlako.
Villefranche-Sur-Saôneko espetxeko zuzendaritzak Lof eta Txanpik bisiten inguruan eginiko eskaerari erantzun du eta honako akordiora heldu dira : bisitak ostiraletan eta tokia dagoenean larunbateetan izaitea onartuak izan dituztelarik.
Askatasunak gogor salatzen du espetxearen jarrera, izan ere Lof eta Txanpik euren osasuna arriskuan jarri behar izan dute dagokien eskubidea errespetatua izaiteko. Ez daude kasu berean Alberto Lopez de la Calle eta Mikel Illaramendi euskal preso politikoak, izan ere Moulins-Yzeureko espetxean mitard-ean jarraitzen dute (urriak 23tik) senide eta lagunen bisitarik gabe aurreko urriak 22tik, aldarrikatuz egun horretaraino onartua zuten bisita bikoitza, batbatean kendu zietena ; ezta ere Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu urte bateko epean ezarri dizkieten salbuespeneko neurriak salatzeko hainbat gose eta egarri grebak burutzea behartuak egon direlarik bizi duten egoera Baumettes-eko presondegian inondik inora aldatu ez delarik...
Egoera hauetan sakabanaturik dituzten frantses presondegietan euskal preso politikoen aurka azkenengo hilabeteetan ematen diren erasoak, neurri arbitrarioak, sakabanaketa indartzea, probokazioak, mehatxuak, jipoiak,transferrak gehiago urrunduz, bakardadea, isolamendua... hitzbatean euren oinarrizko eskubide zein eskubide politikoen urraketa salatzeko larunbatean, azaroak 26, arratsaldeko 17etan, Baionako Euskladunen Plazatik abiaturik izanen den manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatzen du Askatasunak; jendartearen mobilizazioa ezinbestekoa da euskal preso politikoei dagokien estatus politikoa behingoz estatuen aldetik onartua izaiteko eta orain arte daramaten politika alde batera uzteko.
Orain arte jasotako atxikimenduak:
-Anai Artea: «Politika horren kontra, eta estatus politikoa onartua izan dadin 700 euskal preso politikoentzat, Anai Arteak giza eskubideetaz eta Euskal Herri guzirako bakeaz axolatzen direnei dei egiten die hazilaren 26an Baionan izango den manifestaldirat etor daitezen»
-Euro agindua eta 18/98 prozeduraren aurkako plataforma: «Orain, inoiz baino gehiago, presoen aldeko mobilizazioa segitu behar dugu»
-Euskal Herriko LCR Pays Basque: «apporte son soutien à Jean François Lefort et Juan Carlos Subijana qui sont en grève de la faim depuis le 28 octobre. La LCR dénonce leur isolement carcéral et leur éloignement. La LCR a de tout temps réclamé le rapprochement de tous les prisonniers et notamment des prisonniers politiques. La LCR Pays Basque appelle à participer à la manifestation de soutien du samedi 26 novembre à 17H Place des Basques à Bayonne».