Hitzen esanahia. Iñaki Altuna.
Ez ginateke harritu behar; azken finean, Xabier Kalparsoro gizajoak leihotik behera bota baitzuen bere burua, eta Gurutze Iantzi bihotzekoak jota hil baitzen.

Hitzek berezko esanahia omen dute, modu batez edo bestez hiztegietan jasotzen dena; baina, aldi berean, beste gauzarik adieraz dezakete. Izan ere, erabileraren poderioz, hitzak eraldatu egin dira historian, eta aurrerantzean ere halaxe izango da. Jatorrizkoa moldatuz bestelako esangurarik hartzen dute, gizartearen tirabiren ondorioz. Ideologiaren borrokan munizio bilakatu dira. Bakea, justizia, giza eskubideak, askatasuna... nork ez ditu horrelakoak erabili norberaren egitasmoaren mesedetan. Botereak egin izan ohi du hitzen erabilera maltzurrena, gerrari bakea deituz, zanpaketari askatasuna eta gizarte ezberdintasunei aukera berdintasuna. Munduko agintariak entzuteak goralarria eragiten du. Ustez ezkerretik abiatutako beste zenbaitek hitzei aurreko horien esanahia bera ematen dietela ikusteak, berriz, pena. Pena eta, esan dezagun behingoz!, amorrua.
«Terrorismoa» dugu erabilera nazkagarria duen hitz horietako bat; beharbada, hitz paradigmatikoa. Terrorearen erabilera politikoa boterearen beraren asmakizuna izan da, eta botereak berak «terroristatzat» jotzen du gustukoa ez duen oro.
Orain, Gasteizko Legebiltzarrean, «terrorismoaren biktimei» buruzko ponentzia egingo dute. ETAren ekintzen ondorioz kaltetutakoak izango dira aipagai, bakarren batek talde parapolizialek (GAL eta enparauak) legez kanpo hildakoak ere kontuan hartuko direla gaineratu badu ere. «Terrorismoaren» biktimak, beraz, horiek baizik ez dira. Kritiken aurrean, bestelako ponentziarik egin daitekeela esan dute talde batzuek; presoentzat edota torturatuentzat, esate baterako. Baina, jaunandreok, horiek guztiak ez dira jada, Legebiltzarraren begietara, «terrorismoaren» biktimak izango. Gehiegikeria baten edota hutsegite baten kaltetuak baino ez dira izango. Zuzenbide Estatua ez da perfektua. Pena da.
Ez ginateke harritu behar; azken finean, Xabier Kalparsoro gizajoak leihotik behera bota baitzuen bere burua, eta Gurutze Iantzi bihotzekoak jota hil baitzen. Eustakio Mendizabal ondo hildako «terrorista» izen zen, eta Filipe Bidart eta Iñaki de Juan kartzelan usteldu behar diren gaizkileak dira. Galindo, berriz, bidean hankasartzetxo bat egin zuen herritarren zaintzaile fina da, eta Meliton Manzanas «terrorismoaren biktima» izen zen.
Argi dago, beraz: ezin daitezke biktimak eta borreroak nahasi.