Hiru gazte epaitu dituzte Donostiako Zuloaga eraikina okupatzeagatik.
«Argi geratu da egozten dizkiguten delituetan ez dutela nondik heldu», dio epaituetako batek.

Orain urtebete pasatxo Donostiako Parte Zaharreko Zuloaga eraikina okupatzeagatik auziperatutako hiru gazteak atzo epaitu zituzten Donostiako Auzitegi Probintzialean. Gustura eta itxaropentsu irten ziren epaiketatik. «Abokatuak oso lan ona egin du eta gure aurka egiteko zituen bide guztiak erabat txikitu dizkio fiskalari», zioen Aitor Jimenez auziperatuetako batek epaiketaren amaieran. Arkaitz Artola eta Pello Epelde dira auziperatuetako beste biak. Horiei, usurpatze delitua leporatzen die fiskalak, eta horren harira, 1.500 euroko isuna ordaintzeko eskatu du. Aitor Jimenezi, berriz, usurpatzeaz gain, aginteari aurre egitea egozten dio fiskalak eta delitu horregatik hamar hilabeteko kartzela zigorra ere eskatu du.
Hiru auziperatuak 11:30ean sartu ziren epaitegian, baina, epaiketa ez zen 12:30 arte hasi. Gazteek deklaratu zuten aurrena, eta hirurek bertsio bera defendatu zuten: «Okupazioa ekintza sinbolikoa izan zen. Eraikinera sartu ginenean, udaltzainak etorri ziren eta gure asmoen berri eman genien. Hurrengo eguneko 17:00 arte han egoteko baimena eman ziguten. Ahoz hitzartu genuen. Gauean, baina, lo ginela etorri eta bortizki atera gintuzten handik». Aitor Jimenezen arabera, mezu argia eman zuten. «Guk deklaratu ondoren, nahikoa argi geratu zen prozesu honetan dagoen fundamentu falta, eta egozten dizkiguten delituetan ez dutela nondik heldu».
Ondoren hiru udaltzainek deklaratu zuten. Zuresiaren atzetik hitz egin zuten guztiek, lekukoak babesteko programaren harira. Gazteen abokatuak neurri hori atzera botatzeko eskatu arren, epaileak ez zuen onartu. «Herri eta gizarte honetan bizi dugun egoeragatik eta hemen gertatzen diren zenbait gauzengatik» ez zuen aintzat hartu eskaera.
Udaltzainek hasieratik onartu zuten gazteekin ahozko tratu hura egin zutela. Ondoren, hiruretako batek, guztia koordinatu zuenak hain justu, Zuloagako eraikina husteko agindua lortu arteko prozesuaren berri eman zuen. Argi utzi zuen, Ernesto Gasco Donostiako Segurtasun zinegotziak eman ziela agindua, «horretarako eskumenik izan gabe», Jimenezen esanetan. Diotenez, eraikinaren barruan ziren gazteei inoiz ez zieten hura husteko baliozko baimenik erakutsi, Udalak emandako baliogabeko agindu bat baizik.Gazteek lekuko bat ere eraman zuten epaiketara, baina abokatuak ez zuen beharrezkotzat jo hark deklaratzea, «bestela ere auzia nahikoa garbi geratu zelakoan». Epaiketaren amaieran, gainera, fiskalak aitortu egin zuen ez dutela inolako frogarik Jimenezi aginteari aurre egitea egozteko, baina bide formalei jarraituz, akusazioarekin aurrera egingo dutela esan zuen.Orain, epaiaren zain dira gazteak. Hiru aste edo hilabete barru jakingo dute ebazpena, baina lasai agertu ziren epaiketa amaitu zenean.
Epaitegiaren kanpoaldean giro beroa.
Epaiketa hasi baino ordu erdi lehenago, 11:00etarako, 70 bat lagun epaitegiaren aurrean ziren, gehienak auziperatuen lagun eta senideak. Okupazioari epaiketarik ez! lelopean, elkarretaratzea egin zuten 13:45 bitartean. Zuloagako okupazioari epaiketarik ez egiteko eskatzeaz gain, herenegun Egia auzoko Ametsenea gaztetxea eraitsi izana ere salatu zuten. «Azkenean bi gauzak nahastu ditugu, Zuloagako okupazioaren aurkako epaiketa eta Ametsenea bota izana. Izan ere, ezin genuen aipatu gabe utzi gaztetxearen jabeak eta Udalak berak ere atzo egin zigutena», azaldu zuen Markel Ormazabal Donostiako Parte Zaharreko Gazte Asanbladako kideak.
11:30ean, elkarretaratzean ziren 30 bat lagun auzitegi barrura sartu ziren epaiketa bertatik bertara ikusteko, publikoa baitzen. Kanpoko aldean geratu ziren gainerakoak. Hasiera batean auziperatuak irten arte han egoteko asmoa bazuten ere, epaiketa luzatzen ari zela ikusita, 13:45ean amaitutzat eman zuten elkarretaratzea.