Bost urteko zigorra ezarri diote Joel Sistiagari.
Pariseko Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri dio Joel Sistiaga Uztarizko gazteari.

Pariseko Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri dio Joel Sistiaga Uztarizko gazteari, hamabost erasotan parte hartzea egotzita. Gainera, kalteen ordain modura, 17.000 euroko isuna ezarri dio auzitegiak, Askatasunak atzo salatu zuenez. Duela bi aste izandako epaiketan, herri salatariak zortzi urteko zigorra galdegin zuen Sistiagarentzat, nahiz eta azkenean epaileak bost urteko kartzelaldia erabaki duen.
Gazte euskalduna epaitu duen Auzitegiko presidente Anne-Marie Beugionek adierazi zuen, ezarritako zigorrarekin, «aukera berri bat» eman nahi diola, eta gaineratu zuen baldintzapeko askatasuna eskatzeko aukera izango duela, herri salatariak kontrako iritzirik agertzen ez badu, ezarritako zigorraren erdia baino gehiago igaro baitu jadanik kartzelan.
Alexandre Plantevin fiskalak azaldu zuen ez duela baztertzen baldintzapeko askatasunaren kontra agertzea, baina azken erabakia heldu diren orduetan hartuko duela aipatu zuen.