Beran eta Lesakan atxiloturiko hiru gazteak Iruñeko espetxean daude.
Imanol Larrañaga, Jose Angel Altzuguren eta Ainara Fresneda Iruñeko espetxean daude atzotik, ostiral gauean Guardia Zibilak eta Polizia espainolak atxilotu ondoren. Hiru gazte horiek helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Goren espainolean Auzitegi Nazionalak ezarritako zigor batekin ados ez zeudelako. Auzitegi Gorenaren erabakiaren berri izan ez badute ere, badirudi helegitea atzera bota dutela, eta Auzitegi Nazionalak espetxeratzeko agindua eman du.

Guardia Zibilak eta Polizia espainolak ostiral gauean Beran eta Lesakan atxilotu zituzten Imanol Larrañaga, Jose Angel Altzuguren eta Ainara Fresneda Iruñeko kartzelan sartu zituzten Auzitegi Nazionalaren Lehen Atalaren aginduz.
Iturri juridikoek GARAri azaldu ziotenaren arabera, Larrañagak, Altzugurenek eta Fresnedak helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Goren espainolean haien aurka Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorrarekin ados ez zeudelako.
Orain, berriz, Auzitegi Gorenak ez du onartu hiru nafarrek aurkeztu zuten helegitea eta, hori dela-eta, Auzitegi Nazionalak hirurak espetxeratzeko agindua eman du.
Dena den, ez Larrañagak, ez Altzugurenek, ez Fresnedak, ezta beren abokatuek ere, ez zuten Auzitegi Gorenaren erabakiaren berri izan.
Batasunaren salaketa
Auzitegi Nazionalak zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri zion Altzugureni eta bosna urtekoa Larrañagari eta Fresnedari. Aurretik Altzugurenek hiru urte eta erdi eman zituen espetxean, Larrañagak zazpi hilabete egin zituen eta Fresnedak bost hilabete.
Batasunak hiru gazteen atxiloketa salatu zuen. «Izan ere, hiru gazteek baldintzapeko askatasuna zuten, dagoeneko denboratxo bat espetxean eman ondoren. Hortaz, gazte horien kontrako agindu horrek egonezina eta larritasuna sortu baino ez du egiten beren familia eta senitartekoen artean», nabarmendu zuen talde abertzaleak prentsa adierazpen batean. Horrekin batera, Auzitegi Nazional espainolaren erabaki hori «iraganeko neurritzat» jo zuen Batasunak.
«Herri honek aurrera begirako eta ez atzera begiratzen duten neurriak behar ditu. Alferrikakoak izan diren errepresio formulek eta justifikaziorik gabeko atxiloketek ez dute balio. Beraz, gazte horien kontra hartu duten neurri horrek sufrimendua baino ez du ekartzen», nabarmendu zuen indar independentistak, eta hiruren askatasuna eskatu zuen.