12 Octubre: Egutegi propioa eta indar armatuek alde egitea aldarri izango dira gaur.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituta, Barakaldon manifestazioa egingo dute eguerdian; LABek, bere aldetik, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan elkarretaratzeak egingo ditu.

Espainiako Indar Armatuen eta Hispanitatearen Egunaren harira, Euskal Herriko hainbat eragilek elkarretaratze eta manifestazioetara deitu dute; aldarri nagusiak indar armatu atzerritarrek Euskal Herritik alde egitea eta lan egutegi propio baten eraketa izango dira.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Barakaldon eguerdiko 12:30tan manifestazioa egingo du, Alde Hemendik! Utzi bakean Euskal Herria! lelopean. Horrekin Euskal Herrian dauden indar militarrek nahiz polizi indarrek alde egiteko eskatu nahi dute. Izan ere, prentsa oharrez adierazi dutenez, euren iritziko «polizia eta armadaren presentzia itogarriarekin gure herriak inposatua duen esparru politikoa bermatu nahi dute». Gainera, gatazkaren konponbidera eramango duen prozesu politikoa ireki ahal izateko, guardia zibilek, Espainiako poliziek eta militarrek «hanka egin» behar luketela aldarrikatu dute, euren esanetan, horiek ez baitute «gatazka konpontzeko inongo borondaterik».
Aldarrikapen hauek guztiak plazaratzeko Barakaldo aukeratu izana ez da kasualitatea. Izan ere, bertan dagoen kuartela hamar aldiz handiago egingo dute, eta laster da ateak zabaltzekoa.
LABek, bere aldetik, Euskal Herriarentzat lan egutegi propioa eskatzea izango du ardatz Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituen elkarretaratzeetan. «Urtez urte, lan egutegiak inposatzen dizkigun jai espainolak 'ospatu' behar ditugu ezinbestez, euskal langileen gehiengoarentzat guztiz iraingarriak izan arren», salatu du euskal sindikatuak prentsa ohar baten bitartez. Horrenbestez, hiriburuetako elkarretaratzeez gain, LABek egun osoan bere egoitzak zabalik izango dituela jakinarazi du.Horretaz gain, hainbat ikastetxe, lantegi eta udaletxeetan ere lan eguna izango da biharkoa. Esaterako, Gernika-Lumoko udaletxeko langileek prentsa ohar bat igorri dute lan egingo dutela jakinarazteko. Izan ere, udal honetako LAB eta ELAren ekimenez, urriaren 12a lan egun izendatzea lortu zuten iaz.
Askapena herrien burujabetzaz arituko da Askapenak, bere aldetik, beste alor batzuetatik bideratuko ditu bere aldarriak. Venezuela, Kuba, Euskal Herria... burujabetza da bidea lelopean, Gasteizen elkarretaratzera deitu dute, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren egoitzaren aurrean.
Prentsa oharrez azaldu dutenez, Venezuela eta Kubak espainiar inperialismoa garaitu eta euren burujabetzari eutsi dioten herriak dira; horrek Euskal Herriarekin batzen ditu. Horrenbestez, «espainiar inperialismoaren» salaketa izango da elkarretaratzearen ardatza.
Eguneko deialdiak
Hainbat deialdi egin dituzte gaurko Espainiako Indar Armatuen eta Hispanitatearen Eguna dela eta. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, LABek zein Askapenak egin dituzte deialdiak, eta beste hainbat taldek bat egin dute protestarako dei horiekin.
AAMren deialdia Barakaldon: Barakaldon, Anaien parkean hasiko da AAMk antolatutako manifestazioa: Konponbide demokratikoaren bidean. Alde hemendik! Utzi bakean Euskal Herria! leloa izango du. Batasunak eta Eudimak sustatutako Jorratzen partzuergoak ere dei egin dute manifestazio horretan parte hartzera.
LAB, Hegoaldeko lau hiriburuetan: Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan elkarretaratzeak egingo ditu LAB sindikatuak. Donostian Bulebarrean egingo dute, 12:30ean; Bilbon, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaordean, 11:30ean; Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean, 13:00etan; eta Iruñean, Nafarroako Gobernuaren aurrean, 12:00etan. Inposaturiko jai iraingarririk ez. Lan egutegi propio baten alde! leloarekin egingo dira elkarretaratzeak.
Askapena, Gasteizen: Venezuela, Kuba, Euskal Herria... Burujabetza da bidea leloarekin egingo du elkarretaratzea gaur Askapenak. Hispanitatearen Eguna dela eta, Espainiako Estatuaren politika «neokolonialista» salatzea, Latinoamerikako herrialdeei elkartasuna adieraztea eta herrien burujabetza eskatzea izango da protestaren xedea. Espainiako Gobernuak Gasteizen duen Ordezkaritzaren aurrean egingo dute kontzentrazioa arratsaldean, 17:00etan.
Permach: «Euskal Herriaren ukazioa gogorarazten digute gaur».
Batasunak mobilizazioetan parte hartzeko dei egin die herritarrei.
«Urriaren 12ak ezin du izan jaieguna euskal herritarrentzat». Horrela adierazi zuen Batasuneko mahaikide Joseba Permachek atzo emandako prentsaurrekoan. Izan ere, Permachen hitzetan, gaurko egunak «Euskal Herriaren existentziaren ukazioa bera, euskal herritarren eskubideen urraketa bera gogorarazten digu».
Gainera, balorazio orokorra baino haratago, aurtengo Hispanitatearen Egunaren ospakizunak esanahi berriak hartu ditu, Permachen iritziko. Izan ere, Kataluniako estatutuaren onarpenaren harira, azken egunotan «espainiar nazionalismorik atzerakoiena» agerian gelditu dela uste du mahaikideak.Zehazki, PPko eta PSOEko kideak izan zituen hizpide; Permachen hitzetan, horien adierazpenek nazio bakarra, espainiarra, dagoela gogorarazi nahi izan diote Euskal Herriari, eta gainera, legez zatiezina dela berau, «besteak beste, hori baita indar armatuen egitekoa». Horrez gain, Permachen esanetan, PPk eta PSOEk Kataluniako auzian erakutsitako jarrerarekin, «argi gelditu da eurena dela nazionalismo inposatzaile bakarra, urteetan abertzaleei leporatu izan badiote ere izaera hori». Uste hori indartzera besterik ez dator, mahaikidearen esanetan, Hispanitatearen Eguna bera: «Desfile militar erraldoien bidez, arma erakustaldien bidez, eta Euskal Herriko Guardia Zibilaren kuarteletan esekiko diren Espainiako banderen bidez gurea ukatutako herria dela erakusten digute».
Eskaera Espainia eta Frantziari.
Era berean, gatazka konpontzeko bidean, Espainiako eta Frantziako indar armatuek Euskal Herritik irtetea ezinbesteko baldintza dela nabarmendu zuen mahaikideak. Horrenbestez, dei egin zien Espainia eta Frantziako Gobernuei «Euskal Herriaren eskubideak urratzeko erabiltzen duten estrategia armatua alboratzeko».
Agerraldiarekin bukatzeko, deia egin zuen gaur Barakaldon Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deitutako manifestazioan parte hartzeko.Horrekin batera, lantegietan eta ikastetxeetan normaltasunez lan egiten eta ikasten jarraitzeko eskatu zien euskal herritarrei, bere hitzetan, «egunerokotasun horrekin erakutsiko baitugu gu ez garela ez espainiarrak, ez eta frantsesak ere ».