«Frogarik gabe» asteazkenean atxilotu bizkaitarrak askatzeko exijitu dute.
Hilaren 27an Polizia espainolak atxilotu Maite Orueren, Gorka Lopezen, Alberto Gilen, Sue Lorenzoren, Ainara Artetxeren eta Unai Gorostizagaren senideek eta lagunek Amnistiaren aldeko Mugimenduko kide batzuekin agerraldia egin zuten atzo haiek berehala aska ditzaten eskatzeko.

Hilaren 27an Polizia espainolak atxilotu Maite Orueren, Gorka Lopezen, Alberto Gilen, Sue Lorenzoren, Ainara Artetxeren eta Unai Gorostizagaren senideek eta lagunek Amnistiaren aldeko Mugimenduko kide batzuekin agerraldia egin zuten atzo haiek berehala aska ditzaten eskatzeko.
Bertan, euskal herritar horietako zenbaiten abokatu Alfonso Zenon ere izan zen, eta gogorarazi zuen bizkaitarren aurkako operazio hau, esaten denaren arabera, arrazoi berengatik egiten den zazpigarrena dela. «Ustez Estatu frantsesean 2002an hartutako dokumentazioan oinarritzen dira atxiloketak egiteko», aipatu zuen, eta honakoa erantsi: «Dokumentazio horretan agertzen diren datuak Poliziak interpretatu egiten ditu bere erara, ez baita bertan agertzen izen eta abizenen zerrendarik».
«Salagarria da norberaren izen edo datuak ETAren eskutan egoteagatik atxilotzea, horrek ez baitu ezer esan nahi. Baina atxiloketa gertatu egiten da, eta inkomunikazioaren bidez hainbat egunetan Poliziaren esku egotean, askotan salatu den bezala, tratu txarrak, mehatxuak... jasaten dira eta batzuetan norbere burua erruduntzat jotzen duten deklarazioak lortzen dira», esan zuen.
Hala, gogor arbuiatu zuen atxiloketen ostean Gobernu espainoleko EAEko delegatu Paulino Luesmak «frogak nolabait aurkitzeko galdeketatatik zer ateratzen den ikusi» beharko dela esan izana. Zenonen ustez, hori da «salagarriena. Inolako frogarik gabe atxilotzen da jendea; gero inkomunikatu egiten dituzte frogak aurkitzeko».
Egoera horretan mantentzen dituzte, inkomunikatuta, Orue, Lopez, Gil, Lorenzo, Artetxe eta Gorostizaga. Oraindik ere, ez senideek ez eta abokatuek ere ez dakite noiz pasatu beharko duten epailearen aurretik.
Zenonekin batera mintzo ziren gazteek operazio hau salatu eta Bizkaian azkenaldian izandako «Poliziaren presioa jasangaitz» bihurtu dela ere gaitzetsi zuten: «Laborategi lana egiten ari dira etengabe, funtsik gabeko akusaziopean kasu guztietan. Duela aste gutxi kalera atera ginen egoera honi aurre egiteko, eta orain beste sarekada batek berresten du gure diagnostikoa».
Oinarrizko eskubideak «etengabe bortxatzen» dituztela esan, eta inkomunikazioa «edozein herritar atxilotu eta torturatzeko» erabiltzen dutela ere deitoratu zuten, «izugarrizko fitxategi poliziala osatu eta berritzeko asmoz». Testuinguru horretan kokatu zituzten, hain zuzen, Luesmaren adierazpenak, eta zera adierazi zuten: «Hau da Espainiako berme demokratikoen esparrua eta ustezko polizia-eraginkortasunaren paradigma, Euskal Herriaren kontrako zapalketa, gerra estrategia eta bake nahiaren antitesia».
Azken hileotan 123 lagun antzeko sarekadetan atxilotu izana ere salatu zuten, «ETAren azpiegitura eta bereganatze aparatuko kide» izatea egotzita: Makina bat aldiz «desegintzat jo den aparatu horren aitzakia iraingarria da. Ez dago inolako frogarik».
Horiek hala, PSOEren Gobernuari «errepresioaren aukerak bide okerretik» garamatzala esan, eta «polizia-terrorismoa egiten jarraitzeko tentazioari bizkarra emateko» eskatu zioten.
«Politika miserableak»
«Ibarretxe, Balza, Zenarruzabeitia eta gisa bereko politikariei» ere zuzendu zitzaien. «Indarkeria hau euskal herritarren nahiarekin eta abagune politikoak eskatzen duen jarrerarekin bateragarria ote den» itaundu eta «politika eta adierazpen miserableak alboratzeko» eskatu zioten.
Atzo herritarron atxiloketa salatu zuten 120 lagunek Gernikan, eta beste 200 inguruk Bilbon.