Mikel Ziaurrizek ezin izan du oraingoz jasandako torturen salaketa berretsi.
Soto del Realen giltzapetuta duten Mikel Ziaurriz Madrilgo epaitegi batera eraman zuten apirilean jarri zuen tortura salaketaren inguruan deklara zezan. Aretora, baina, Guardia Zibila ere sartu zen berarekin batera. Horien aurrean deklaratzea «normala ez» dela iritzita, defentsak eskatuta, Ziaurrizek ez zuen hitz egin.

Iragan apirilaren 25ean jarri zuen tortura salaketaren inguruan deklara zezan, Madrilgo 3. instrukzioko epaitegira eraman zuten atzo Mikel Ziaurriz preso politiko iruindarra.
Ziaurriz martxoaren 15ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Nafarroako hiriburuan, eta bost egun inkomunikatuta eduki ostean, AuzitegiNazional espainoleko epaileak hura espetxeratzeko agindu zuen. Dena den, atzo Soto del Realgo kartzelatik aipatu epaitegira eraman bazuten ere, aretora bilurrak kendu gabe eta hainbat guardia zibilekin sartu zuten.
Horren aurrean, defentsako abokatuak epaileari eskatu zion bertan ziren guardia zibilek aretoa utz zezaten. «Hain zuzen, torturak Guardia Zibilak egin bazizkion, ez delako normala salaketa ere guardia zibilen aurrean errepikatu behar izatea», azaldu zion gero defentsak GARAri.
Horiek hala, epaileak ez zuen guardia zibilak kanporatzeko egindako eskaera hori onartu nahi izan, eta horrek erabat «harritu» zituen bai defentsa eta baita Ziaurriz bera ere. Ondorioz, iruindarrak ez zuen aurrez ikusita zegoen bezala bere salaketa berresterik izan.
Egoera bereko aurrekaria.
Halako egoera lehenago ere jazo izan dela adierazi zuen abokatuak. Alegia, Xabier Alegriaren kasuan ere gauza bera gertatu zen epaitegian, orduan ere Guardia Zibila tartean zela. Deklarazioa bertan behera utzi, eta gerora, ordea, Madrilgo Probintzia Auzitegiak arrazoia eman zien abokatuei.
Hori dela medio, Ziaurrizekin ere antzeko bidea erabiliko dute ziur aski. Gaur defentsak gertatutakoaren gaineko idazki bat aurkeztuko du. Hala, itxaron egin beharko dute preso iruindarrak jasandako torturen salaketa berriz egin ahal izateko, baina lehenengo aurrekaria kontuan hartuz, defentsak esan du laster deitu beharko diotela, lehen ere jazoera berengatik arrazoia eman baitzieten.
Bien bitartean, Torturaren Aurkako Taldeak Ziaurrizek apirilaren 25ean jakinarazi zuen tortura testigantzaren pasarte batzuk gogorarazi zituen. Iruñetik Madrilera egindako bidaian, atxilotu bezain pronto hasi ziren tratu txarrak, nahiz eta unerik gogorrenak polizia-etxean pasatu zituen gerora.
Besteak beste, honakoa zioen bere testigantzaren adierazpenak: «Kolpeak ni zutik nengoen bitartean ematen zizkidaten, gehienak eskua zabalik zutela izan ziren. Sabelean eta saihetsetan ukabilkadaren bat ere eman zidaten. Poltsa, esan bezala, gutxi gorabehera hamabost alditan jarri zidaten. Hasieran poltsa bat jartzen zidaten, eta gero, hortzekin apurtzen nuenez, bat baino gehiago batera jarri zizkidaten. Ahal nuen bezala defendatzen nintzen, eta horregatik egin zidaten poltsa jarrita eta bilurrak jarrita izatera behartzen ninduten bitartean. Sekula ez nuen nire bizitzan halako larritasunik sentitu, oraindik ez dakit gizaki bat bestea horrela umiliatzera nola irits daitekeen...».
Flexioak eta sastadak.
«Egitera behartzen ninduten ariketa zera zen: besoak gurutze eran ipini, eta izterrak flexionatuz igo eta jaistea. Gehiago ezin nuela sentitzen nuen, eta izerditan blai lurrera erori ere egin nintzen. Gogordurak ikaragarriak izan ziren, espetxean ‘ingresoetan’ egon nintzenean, esertzerako orduan ere mina egiten zidaten. Gainera, zotz batekin kutikuletan ere sastatu zidaten, eta mehatxu egin zidaten arren, ez zidaten gehiagotan egin. Mina egundokoa zen...», azaldu zuen.
«Gaur egun jasaten ditudan ondorioak dira, jarraitzen zuen idatzian nire kideari zein anaiari gerta ahal zaienarengatik dudan egundoko izuaz gain, behin eta berriz poltsarekin eta nire etxera egin zuten sarrerarekin amets egiten dudala».
Beste pasarte batean honakoa zioen: «... Ostegunean burutik pasatu zitzaidan sendagileari boligrafoa hartu eta nire sabelean iltzatzea. Azkenean ez nuen egin, erabat umiliatua nengoen, nire muga psikologikoa zapaltzea lortu zuten, hura bukatzea nahi nuen, ahal zen bezala, baina buka zedila...».
Antzeko tratua sarekadan.
Mikel Ziaurrizekin batera, joan den martxoaren 15ean sarekada berean Gorka Diez de Ulzurrun, Eder Ariz Lizaso, eta egun bi geroago, Zaine Rekondo gazteak ere atxilotu zituen Guardia Zibilak. Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) gogorarazi bezala, horiek guztiek salatu zituzten torturak.
Zehazki, Ziaurrizek 2005eko apirilaren 25ean jarri zuen jasandakoaren gaineko salaketa Iruñeko Guardiako Epaitegian. Iruñeko 4. instrukzioko epaitegiak ireki zuen ikerketa, baina ekainaren 14an Madrilera inhibitu zen. Hori dela-eta, atzo Madrilgo argibide epaitegira salaketa berrets zezan eraman zuten. Halaber, defentsak azaldu bezala, zain egon beharko dute oraindik, atzoko jazoerak direla medio.