Injerentziarik ez. Haritz Larrañaga Unanue - Askatasunako kidea. (13/7/05).
Naparra, Berrueta, Lasa eta Zabala... Romano, Sorzabal, Subijana, Iruñeko laurak, Urizar, Otamendi, eta beste zenbat abizen eta izen ezezagun zaizkigunak torturak pairatu dituztenak eta TATen urteroko txostena betetzen dutenak! Azken 25 urtetan, 35.000 lagun inguru atxilotuak, 350 eraildako, poliziek zauritutako 4.000 pertsona...
Datorren larunbatean, Donostian, espainiar militar okupatzaileen desfile bat burutuko da, zehazki Santa Maria Elizatik Kabutzia izeneko diskotekaraino joango dena. Bertan, azken urteetan ikusi ahal izan dugunez, Guardia Zibileko Gipuzkoako Burua, Polizia Nazionalekoa, Itsas Armadako buruak beste bi amada buruekin, lurrekoa eta airekoa, PPko zinegotziren bat eta Espainiar Gobernu ordezkaria ibiltzen dira, gure herriak bizi duen zanpaketaren argazkia eginez.
Herri zanpatua
Euskal Herria herri zanpatua dela inork gutxik ukatuko du; mendeetan zehar euskaldunak munduan existitu bagara ere, nazio izatetik estatu izateko pausoa ez digute ematen utzi, eta egun, estatuen artean banatzen diren hainbat botere eta hainbat eskubide, gurean, eskubide guzti horiek ukatuak ditugu estatu ez garen heinean. Horrela izan da Europako Konstituzio Ituna onartzeko bidean eta horrela da beste hainbat gunetan.
Ukazioa, alor ezberdinetan garatuko da; esparru sozio-ekonomiko propio eta burujabea osatzeko zailtasunak, euskara ofizial bihurtzeko ditugun zailtasunak, gure kulturaren defentsan egin behar ditugunak oraindik ere, finean, askotarikoak izan daitezke adibideak, baina herri bezala, gure nortasuna munduan mugatua eta zokoratua da, hamarka tona lan eta borroka egin behar ditugu egoera «normalizatu» batean aurrera egiteko.
Zanpaketa kate luze horren azken kate-begia, militarrak eta poliziak dira. Estatu zanpatzaileek ezartzen dituzten kontrol eta asimilazio neurri guzti horietatik ihes egitea lortzen badugu, gizabanako libre bezala bizitzea lortzen badugu, Estatuak bere indarra erakutsiko du, eta Zuzenbide fakultatean Kode Penala agertzen bazitzaigun ere Estatuaren indar zanpatzailearen azken tresna gisa, hori horrela ez dela jakingo dugu, betiere, Estatuak legezkotasun printzipioa ere baztertzeraino helduko baitira haien interesen mesedetan; eta orduan, indarraren arrazoia soilik ematen da, eta militar edo polizien indarra txikia ez dela jakin badakigu euskaldunok.
Gernika eta Durangoko bonbardaketak, fusilatzeak, torturak, bahiketak, desagertzeak, erailketak... Naparra, Berrueta, Lasa eta Zabala... Romano, Sorzabal, Subijana, Iruñeko laurak, Urizar, Otamendi, eta beste zenbat abizen eta izen ezezagun zaizkigunak torturak pairatu dituztenak eta TATen urteroko txostena betetzen dutenak! Azken 25 urtetan, 35.000 lagun inguru atxilotuak, 350 eraildako, poliziek zauritutako 4.000 pertsona...
Errepide kontrol zorrotzak, «¿Dónde se dirige?», «¿Y a qué va?», «¿A estas horas?», «documentación», «le voy a tomar unos datos». Eta atxilotua izan bazara edo preso ohia bazara, «usted me aparece que tiene causas pendientes», «¿Está en libertad provisional? ¿Por qué?» eta horrelako mila galdera norbanakoa beldurtu eta horren bidez, gizarte oso bat beldurtze aldera.
Polizia Nazionala, Guardia Zibila, Loiolako Kuartelean diren militarrak, Donostiako Itsas Armada, horiek dute gure herria zanpatzeko betebeharra eta horrela azaltzen zaizkigu.
Eta joango balira?
Ariketa soil bat egitea eskatuko diogu lerro hauek irakurriko dituen irakurleari. Imajinatu dezakegu indar atzerritar guzti horiek gure herria utziko balute zelako aldaketa suposatuko lukeen? Eta bai, noski, baten batek esango du Ertzainak eta Foralak askoz hobeak ez direla, baina hori bigarren afera litzateke, herri bezala polizia ereduari buruzko eztabaida bat zabaltzea (bide batez, egiteke dugula oroitarazi!). Baina Guardia Zibilik gabe, Polizia Nazionalik gabe, sen komuna duen edonork ikusiko du zer nolako onurak izango lituzkeen horrek gure herriko askapen prozesuan.
Ez, ez da politologoa izan behar horrelako erabaki batek izango lukeen garrantzia ikus- teko. Hori dela-eta, Madril eta Pariseko Gobernuei (gaur hegoaldeko lau herrialdeetara mugatuko garen arren), haien indar okupatzaileak Euskal Herria uzteko exijitu behar diegu. Zapateroren Gobernuak borondatea badu benetan gatazka konponbidean jarri eta bide zaildu bat egiteko, gai honi heldu beharko dio goiz ala berandu. Eta noski, hobe goiz bada! Preso Politikoen Estatusa onartu eta prozesuan parte hartu dezaten bideak erraztu behar dituen bezala (Euskal Herriratzea, estatusaren errekonozimendua, gaixoen kaleratzea... finean, mendeku politika alde batera uztea), indar okupatzaileen irteera jorratu beharreko beste ildo bat izango da, dudarik gabe, garrantzia hartzen joango dena hurrengo aste eta hilabeteetan.
Halere, hori ez da «kasualitatez» etorriko den eztabaida bat, guk geuk sortu eta bultzatu beharko baitugu. Eta aukera aparta dugu horretarako larunbatean, non hasieran esan bezala, gure herrian «anakronismo» hutsa suposatzen duen ekitaldi hori burutuko baiten. Trikornioa distiratsu, Itsas Armadak munduko hainbat lekutan erabiltzen dituen traje zuriak, izarrez beteriko txukun horiek, PPko zinegotzi dotoreak... non eta Don- ostiako kaleetan barrena, desfiletxo zanpatzaile batean, «orangistek» Ipar Irlandan egiten dituzten horietakoen antzera. Bertara joan eta gure mespretxua azaltzera deitzen zaituztegu guztiok.
Lerro hauek idazten ditugun unean, ezin ahantzi mundu osoan militar zanpatzaileen aurka burutzen diren aldarriak: Mexikon, EZLNk Lacandona oihaneko Seigarren Adierazpena egin du, eta Mexikoko armadaren interbentzioa jotzen da elementu arriskutsuenetzat; Paraguay, Brasil eta Argentina banatzen duen muga hirukoitzera AEBetako soldaduak iritsi dira, eta Paraguayko legedia bera urratu, bertan ematen ari den prozesuak baldintzatze aldera; Argentinan, militarrek egindakoez damu urririk erakutsi ez eta berdinean dirautela publikoki agertzen dute... Mundu osoan, militarrak baitira edozein prozesu askatzaile oztopatzeko burgesi ezberdinek erabiliko duten azken tresna.
Konponbide demokratiko bat nahi badugu Euskal Herriarentzat, indar okupatzaile atzerritarrak Alde Hemendik eta Utzi bakean Euskal Herria aldarrikapenak ozen esatera behartuak gara!