Elkarretaratzera deitu dute indar armatuen desfile unean.
Urtero uztailaren 16a izan ohi da indar armatu espainolek Donostiako portu inguruetan desfilatzen duten eguna. «Inposaketa eta inpunitatea harrokeriaz» azaltzen duten egun gisa azaldu zuen berau amnistiaren aldeko mugimenduak, eta elkarretaratzera deitu dute bertan. «Okupazioko indar armatuak alde egitea ezinbestekoa» dela adierazi zuten.

«Normalizazio politikorako faktore distortsionatzaile determinanteak eta baldintza demokratiko minimoak sortzeko oztopo» nagusitzat jo zituen atzo amnistiaren aldeko mugimenduak Estatu espainoleko zein frantseseko Indar Armatuak, urtero Donostiako portuan egin ohi duten desfilearen bezperetan.
Larunbatean izango da «probokazio hutsa» den desfilea, eta elkarretaratzera deitu dute amnistiaren aldeko mugimenduak, Batasunak eta Segik euren aurrean goizeko 12.30ean, «Konponbide demokratikoaren alde. Utzi bakean Euskal Herria» lelopean.
Jon Enparantzak aipatutakoaren arabera, «historikoki, okupazioko indar armatuak euskal herritarrentzat inposaketa, zapalkuntza eta errepresioaren ordezkari dira». Euskal Herrian «proiektu politiko zehatz bat inposatzeko eta euskaldun izateko eskubidea ukatzeko» funtzioa dutela ere gaineratu zuen, eta horregatik, desfilea «onartezintzat» jo zuen: «Inposaketa eta inpunitatea harrokeriaz erakusten dutelako».
Desmilitarizazioaren aldarria
Egun ere, polizia gorputz eta militarrak «historikoki bete duten funtzioa betetzen» ari direla nabarmendu zuen Enparantzak: «Hortzetaraino armatuak, bizitza politikoan etengabe eraginez, eztabaida politikoa baldintzatuz eta mehatxu etengabea eginez». «Faktore baldintzatzaile» gisa kokatu zituen egungo egoeran, eta eztabaida politikoan urratsak eman nahi izanez gero, eztabaidagai nagusitzat jo zuen.
Inolako aurrebaldintzarik gabe, baina Euskal Herriarentzat «arazo larri» bat diren heinean, arazoa desagertarazteko hitz egin behar dela berretsi zuen.
Hori horrela, desmilitarizazioaren aldarria mahaigaineratu zuen amnistiaren aldeko mugimenduaren izenean. Izan ere, «eztabaida demokratikoa eta librea izan dadin, prozesu politikoa demokratikoa izan dadin, indar polizial eta militarrak Euskal Herritik alde egitea nahitaezkoa» dela baieztatu zuenEnparantzak.
Horregatik, gobernu militar espainol ohian larunbatean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin zuen.