Laburo España: 250.000 ofertas de empleo
TORTURAREN KONTRAKO TALDEA

TORTURAREN KONTRAKO TALDEA

Grupo contra la tortura de Santurtzi (Euskal Herria).

Viernes, 24 de junio de 2005

TORTURA Noiz arte?.

IGANDEAN TORTURAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA DA. TORTURAK JASAN DITUZTEN BI GAZTEREKIN EGON GARA. DIOTENEZ, AGINTARIEK EZ DUTE HORRETAZ HITZ EGIN NAHI. BAINA EGON, BADAGO. POLIZIAREN ESKUETAN EUREK JASANDAKOA KONTATU DIGUTE.
AIERT LARRARTE. TAT-EKO abokatua.
"Erakundeek noizbait onartu egin beharko dute torturatu egiten dela".


Eusko Jaurlaritzaren torturaren inguruko protokoloak ez du balio; ez dute betetzen. Gure familiak non ote geunden jakiteko deitzen zuen telefonoz, eta esaten zieten Euskal Herriko komisaria batean geundela, non zehaztu gabe. Habeas corpus-a eskatu zuten, eta ez ziguten onartu. Droga haluzinagarririk eman ziguten frogatzeko, ea gernuaren azterketarik egin nahi nuen galdetu zidaten. Hori izan zen berrikuntza bakarra. Horrela, gogoratu du Oskar Perezek Arkautin atxilotuta egon zen denbora.

Aurretik beste lau aldiz atxilotu zuen Ertzaintzak. "Protokoloa aplikatu zigutenean bakarrik torturatu gintuen Ertzaintzak, Arkautin, 2003ko uztailean. Aurrekoetan, Deustuan eduki ninduten eta ez ninduten ukitu". Beste bost lagunekin batera atxilotu zuten, eta Terrorismoaren Aurkako Legea ezarri zieten orduan. Ez zutela inongo bermerik izan gogoratu du.

Gorka Lupiañez 2002ko azaroan atxilotu zuen Ertzaintzak. Ez zioten protokolorik aplikatu, baina polizia etxean pasatutakoa antzekoa da bai Perezen kasuan eta bai Lupiañezenean. Biak torturatu zituen Ertzaintzak. Lupiañezekek polizia etxean bertan egin zuen lehenengo salaketa. Auzitegiko medikuari esan zion torturatzen ari zitzaizkiola, eta ospitalera eraman zuten, orkatila handituta zeukalako. "Medikuak zaintiratua nuela esan zidan, eta hanka lurrean ez jartzeko. Komisariara bueltatzerakoan, hanka lurrean ipini gabe eduki ninduten, baina eserita ez".

Audientzia Nazionalean berriz ere salatu zituen torturak, baina atzera bota dute salaketa. Belaun biak handituta eta zaintiratuarekin iritsi zen espetxera. "Horiek ziren begi bistako markak. Martitzenez atxilotu ninduten eta zapatuan deklaratu nuen. Bariku gauera arte jaso nuen egurra".

Biak izan dira Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren komisarietan; baita Guardia Zibilarenean ere Perez. Alde handirik ez dute nabaritu. "Espainiako Polizia goizaldeko 02:30ean etorri zen ni atxilotzera, eta Ertzaintza, goizeko 08:30ean. Epaitegiko idazkariak agindua eman arte, portalean eduki nituen ertzainak itxaroten, baina behin furgonetara sartuta, dena aldatu zen", kontatu digu Lupiañezek. Perezen etxeko atea dinamitaz lehertu zuen Ertzaintzak.

Esperientzia horrek eragina izaten du pertsonarengan. "Ez dira bost minutu; bost egun oso dira", esan digu Lupiañezek. Perezen kasuan, gainera, nekea nabaria da. Hamaika aldiz atxilotu dute. "Batetik atera, eta berriro buelta zaitezkeela dakizu. Atxilotu ninduten azkenengoan, kartzelara sar nintzatela gura izan nuen alde batetik. Badakit han ezin didatela ezer ere egin, nahiz eta funtzionarioak bertan egon". 2004ko azaroan, Espainiako Poliziak atxilotu zuenean, Guardia Zibilak ere bera atxilotzeko agindua omen zeukan. Kalera ateratzean beharbada berriz atxilotuko zutelako presioa izan zuen. Lupiañezen arabera, tortura ez da polizia etxera mugatzen: "Gazte askori kalean jazartzen diete. Askotan, atxiloketak herri bateko mugimendua baretzeko egiten dituzte, pertsona edo ekintza jakin baten kontra barik".

Kalte fisikoa bezain handia da psikologikoa. "Joan zen azaroan atxilotu nindutenean ez ninduten ukitu, eta luze egin zitzaidan. Neska-laguna atxilotu zuten. Entzun egiten nuen. Banekien ez zela nire errua, baina nire kontra erabiltzen ari ziren. Haiek gura zutena sinatzen banuen, aske utziko zuten; bestela, ez", esan digu Perezek. "Baina, militantziaz eta harrotasunez aurrera egin behar duzu. Badakizu bost egun egingo dituzula euren eskuetan", dio. Horretan bat dator Lupiañez ere: "Atxilotzen zaituzten unetik badakizu tortura existitzen dela,
baina burua argi izan behar da. Batek polizia onarena egin arren, eta besteak txarrarena, denak daude han zuri min egiteko".

Tortura atzean uztea zaila da. Lupiañezek onartu digu polizia etxetik ateratzean "lasaitu itzela" hartzen dela. "Behin Audientzia Nazionalera helduta, gutxienekoa kartzelara sartzea edo kaleratzea zen niretzat. Egun haiek amaitzea zen kontua". Etxerako bueltan, Perezek esan digunez, inguruko jendeak ulertzen du euren sufrimendua, "badakielako zer gertatzen den". Hala ere, salatu egin du torturatuak ez dituztela hartzen gatazkaren biktimatzat. "Batzuentzat, gu ibili gara honen bila. Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari ez zaie interesatzen honetaz hitz egitea".

Lupiañez polizia etxetik kartzelara eraman zuten, eta beste tortura bat hasi zitzaion barrua astintzen: "Onera etortzen zarenerako sakabanaketaren ardura jausten zaizu gainera: familiaren bidaiak, kartzelako bizi-baldintzak... Gainera, inkomunikazioaren mamua ez omen da guztiz aldentzen. "Mehatxu batzuk beti uzten dituzte airean. Badakizu trikimailuak direla, baina barruan gelditzen dira", dio. Perezi asko kostatu omen zitzaion etxera bueltatzea: "Zeure esparru propioan sortzen dizute beldurra".

Familiak eta lagunek asko sufritzen dute. Perezen etxean nekatuta ei daude. Hamaika aldiz izan dute gurutze bera. Sufrimenduak sufrimendu, baina, ez dute eurentzako errekonozimendurik gura. "Nik ez dut niri ezer esaterik gura. Pasatu den gauza baten moduan hartuko dut; gatazkaren ondoriotzat. Baina protokolo guztiak alferrik izango dira inkomunikazioak irauten duen bitartean. Kendu egin behar lukete, eta atxilotuei euren konfiantzazko abokatuaren bisita izateko eskubidea eman. Bestela, beti egongo da tortura", dio Perezek; biak datoz bat.

Babes politikorik ez dute jaso inoiz. Perezek gutun bat argitaratu zuen Gara-n, Joseba Azkarragaren adierazpen batzuei erantzunez. "Nirekin bakarka bildu gura zuela esan zidan, baina nik esan nion biltzekotan Torturaren Aurkako Taldeko norbait edo abokatua eramango nituela; berak ezetz. Nire arazoa bakarrik ez da. Ni bat gehiago naiz".

Euskal gatazkaren biktima bat gehiago eta aldi berean militante bat gehiago. "Alde humanoa hausten dizute; baina, batez ere, militante moduan apurtu gura zaituzte: honek ez du ezertarako balio, jende asko bizi da honetatik esaten dizute, eta, hara, eurak dira gure gatazkatik bizi direnak", Perezen ustez.

Perezek esan digunez, atxilotua erabili egiten dute kideei zer dagoen erakusteko. "Baten bat atxilotzen duten bakoitzean badakigu zer egiten ari zaizkion. Hori oso gogorra da". Asko jasan dute. Baina euren ideiak ez dituzte aldatu. Proiektu politiko baten parte izatearren atxilotu eta torturatu zituztela badakite. "Gu torturatu egin gintuzten eta torturak hor dirau, baina ezin izango dute Euskal Herriko mugimendua eten", dio Perezek.
Lupiañezek argi utzi digu zerk lagundu dien berenari eusten: "Tortura guztien gainetik gure duintasuna dago".

AIERT LARRARTE
TAT-EKO abokatua
"Erakundeek noizbait onartu egin beharko dute torturatu egiten dela".

TAT Torturaren Aurkako Taldeak 13 urte daramatza lanean, tortura desagertzeko helburuarekin. Lan zaila izan arren fruituak iristen direla dio bertako abokatu Aiert Larrartek. Tortura bukatzeko, inkomunikazio legea kentzeaz gain, komunikabideen lana ere oso garrantzitsua dela dio.

1 Elkarrizketa eta negoziazio hotsak sumatzen diren honetan, gauza asko esan da, baina torturaz eta torturatuez ez da askorik entzun.
Oraindik tortura tabu bat da Euskal Herrian. Irakeko torturak ez dira tabu, Guantanamokoak ere ez, baina hemengoak bai. Hemen TATek hitz egiten ez badu, tortura inork ez du aipatzen. Oso ondo iruditzen zaigu elkarrizketak, negoziazioak eta bakegintza egotea, baina herri honetan bakea eta normalizazio politikoa etorriko badira, torturatuek bertan egon behar dute. Errespetua zor diegu torturatuei. Erakundeek noizbait onartu beharko dute torturatu egin dela, eta torturatuei erreparazioa eskaini beharko zaie.
Elkarrizketatzeko eta negoziatzeko gai zerredan azaldu egin behar da torturaren gaia, eta behingoz torturaren amaiera bermatzeko konpromisoak hartu. Torturatzen duten bitartean bakerik ez da lortuko. Eta, prozesuan bertan ere, torturatuen aintzatespena eta iritzia kontuan hartu beharko dira.

2 Unai Romano, Kepa Urra eta Amaia Urizarrekin Justiziak erakutsitako jarrerak argi erakutsi du gauzak ez direla hain samurrak.
Justizia eta berau «administratzen» duten epaileak tortura ahalbidetzen duen politikaren elementuetariko bat gehiago dira. Sistema perfektu baten azken tresna. Unai Romanoren kasuan, epaileak argi erakutsi du justizia zer den ez dakiela. Bost urteko ikasketak egingo zituen, promozioko nota hoberenekin, oposizioetan ere izugarri ondo ibiliko zen, baina justizia egiten ez duela ikasi argi erakutsi du. Berak bakarrik esaten du Unai ez dutela torturatu. Eta, gainera, auzipetu nahi du, froga faltsuak erabiltzeagatik, baina bera da froga faltsuak erabili dituena.
Kepa Urraren kasuan, berriz, nahiz eta epaitegiek aitortu torturatu egin zutela, indultatu egin zituzten torturatzaileak. Nazio Batuetako Torturaren Aurkako Batzordea indultu horren aurka azaldu da eta 90 egun eman dizkio Espainiari torturaren aurkako neurriak hartzeko. Haren erantzuna, ordea, Unai Romanoren kasua artxibatzea izan da, eta gero Amaia Urizarrena etorri da.

3 Epaileen jarrera hori ikusita, tortura amaitzeko aukera gutxi dagoela dirudi. Horren aurka zer egin asmo du TATek?
Orain arte egiten dugunarekin jarraituko dugu: salaketa judizialak jarri, torturatuei laguntza mediko-psikologikoa eman eta, gizartea arazoaz jabetzeko eta jendea torturaren aurka inplikatzeko, torturatu egiten dela egiaztatzeko lana egin. Zaila da, baina 13 urte daramatzagu lanean eta pixkanaka fruituak jasotzen ari gara. Esaterako, Amnesty Internationalek hemen torturatu egiten dela onartzea aurrerapauso bat da. Europako Kontseiluak eta ONUk ere hori esatea ere bai. Baina tortura amaitzea ez dago TATen esku bakarrik. Gizarte osoaren lana behar da. Elkarrizketa hau irakurriko dutenena ere bai. Eta horretan ari gara lanean. Gizartea arazoaz jabetzeko, eta jendea inplikatu nahian, herrietan inkomunikazioa baldintzatuko duten mekanismoak martxan jarri nahi ditugu. Horretarako, protokolo bat prestatzen ari gara.

4 Zer egin behar da tortura bukatzeko, eta nork egin behar du?
Torturatu ahal izateko mekanismo perfektu bat dago eratuta. Horrek funtzionatzeko, hainbat elementu daude: aurrena eta garrantzitsuena, politikariek Espainiako Kongresuan onartutako inkomunikazioaren legea. Lege hori kenduta ez da torturarik egongo. Horrez gain, poliziek torturatu egiten dute, auzitegiko medikuek ezikusiarena egiten dute, fiskalak ez ditu ikerketak bultzatzen, instrukzio epaileek artxibatu egiten dituzte kasuak Hori guztia aldatzea ezinbestekoa da. Baina, bestetik, komunikabideek ere badute zeregina. Ezin dira inpartzial izan torturaren inguruan. Torturatuen alde jartzen ez badira, torturatzaileen alde jartzen ari dira. Torturaren funtsezko elementuetako bat zigorgabetasuna da, eta, epaitegietan hori gertatu arren, komunikabideetan ezin da halakorik jazo, iritzi publikoak ezin ditu torturatzaileak zigorrik gabe utzi.

5 Tortura kasu batzuk besteak baino ezagunagoak dira, baina Euskal Herriko zenbat lagun torturatu dituzte azken urteetan?
Gure datuen arabera, 1978tik gaur arte 34.800 lagun atxilotu dituzte Euskal Herrian. Haietatik 7.000 torturatu dituzte, eta 5.500 salaketa inguru jarri dituzte. Baina denak galduta daude. Hildakoak, berriz, 7 izan dira. Azken bost urteotan, batez beste, urteko 82 lagun torturatu dituzte. Aurten, jada, 40 torturatu dituzte. Eta hori guztia normalizazioa, bakegintza eta negoziazio hotsak entzuten hasi direnetik.

6 Zer esango zenioke torturarik ez dagoela sinesten duenari?
Bere herrian edukiko duela nori galdetu, tamalez.

Referencias

URL para referencias

Comentarios

Comentar


Recordar datos

Miniblog

Búsqueda

 

Categorías

ARTICULOS / OPINION (346)
COORDINADORA para la PREVENCION de la TORTURA (17)
DENUNCIA (372)
DETENCIONES (166)
EPAIKETAK / JUICIOS (149)
General (5)
INDAR OKUPATZAILEAK / FUERZAS DE OCUPACION (58)
POLITICA (106)
PRES.O.S. (47)
SOLIDARIDAD CONTRA LA TORTURA (231)
TORTURA EN EUSKAL HERRIA (12)

Archivos

Noviembre 2009 (0)
Marzo 2008 (1)
Enero 2008 (3)
Diciembre 2007 (7)
Noviembre 2007 (20)
Octubre 2007 (14)
Septiembre 2007 (10)
Agosto 2007 (10)
Julio 2007 (12)
Junio 2007 (9)
Mayo 2007 (6)
Abril 2007 (5)
Marzo 2007 (6)
Febrero 2007 (7)
Enero 2007 (11)
Diciembre 2006 (11)
Noviembre 2006 (30)
Octubre 2006 (49)
Septiembre 2006 (22)
Agosto 2006 (6)
Julio 2006 (12)
Junio 2006 (22)
Mayo 2006 (4)
Abril 2006 (2)
Febrero 2006 (41)
Enero 2006 (181)
Diciembre 2005 (178)
Noviembre 2005 (224)
Octubre 2005 (83)
Septiembre 2005 (3)
Agosto 2005 (348)
Julio 2005 (96)
Junio 2005 (76)

Sindicación

RDF 0.91
RSS 1.0
XML/RSS 2.0
Atom 0.3

Créditos

Diseñado por Manu Contreras
Creative Commons License

LaInformacion.com lainformacion.com - Medio Oficial de los Premios Bitacoras 2009