«Operazio miserablea» dela salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak.
Arrieta aske da, bai eta atzo atxilotutako biak ere. Haserre agertu ziren, atzo, Baionan, amnistiaren aldeko mugimenduko eta Etxerat-eko ordezkariak, asteartean Le Vert epailearen aginduz Lapurdin abiatutako atxiloketa, galdeketa eta miaketa operazioarekin. «Presoekiko elkartasuna eta senitartekoak berak kriminalizatzea» dela helburua salatu zuten. Azken garaiotan Parisko jokaera «probokatzailetzat» jo zuten, eta «errepresio bideak bertan behera uzteko eta konponketakoa har dezaten» dei egin zieten.

Amnistiaren aldeko mugimenduak eta Etxerat-ek gogorki salatu zuten, atzo, Baionan, joan den asteartean Laurence Le Vert epailearen aginduz Lapurdin abiatutako operazioa. «Amorru biziz esaten dugu operazio miserable eta nazkagarri bat dela. Alde batetik, presoei igortzen zaien diru-kopurua berentzat laguntza handia bada ere, tamaina honetako operazioa abiatzeko huskeria delako, eta, beste aldetik batetik, senitartekoak jomugan jartzen dituelako kriminalizatzeko asmoarekin», adierazi zuen Jon Enparantzak.
Herenegun Baionako polizia etxean galdekatu zuten Garbiñe Eraso, eta hark azaldu zuenez, Madrilgo Auzitegiko Fernando Andreuk 2003ko azaroan igorritako erregu-gutunaren haritik abiatu du Le Vert epaileak operazioa.
«Ikerketa egiteko espresuki Paristik Baionara jin da Polizia Judizialaren ekonomi eta finantza brigada, preso eta senideen laguntzan eta elkartasunean azken 25 urteotan jardun edo jarduten duten hiru elkarte Mintza, Erlea, Gureak ikertzeko helburuarekin», esan zuen.
Lefort atxilotzea, hasiera.
Erasunen esanetan, horrek guztiak 18/98 sumarioaren adar ekonomikoarekin lotura zuzena du eta lehen kapitulua, Ipar Euskal Herriari dagokionez bederen, iazko abenduan Jean-François Lefort Askatasuneko bozeramaile eta Erlea elkartearen lehendakaria atxilotzea izan zen.
Estanis Etxaburu Etxerat-eko kidea haserre agertu zen. «Parisko eta Madrilgo gobernuen errepresio eta eraso gosea ase ezina da. Sakabaneketa, bakartzea, bizitza osorako zigorra... Gure senitarteko presoei jasanarazten dieten egoera krude-larekin ez dute aski. Zer nahi dute, gu espetxean ikusi?», galdetu zuen Etxerat-eko bozeramaileak.
«Estatu bortxa erabiliz gatazka mantentzea eta areagotzea» besterik ez dutela lortzen adierazi zuen eta Etxaburuk dei egin zien euskal eragileei «konpromisoak har ditzaten bi estatuei errepresiobideak uztera, presoen eskubideak errespetatzera eta konponketa prozesuan partaide izateko eskubidea aitortzera behartzeko».
Jon Enparantza abokatuak ere Parisko Gobernuaren jokaera nabarmendu zuen:«Azken garai hauetan, gainera, justu gatazkaren konponketaren eztabaida indartzen ari denean, joera probokatzailea hartu du. Hamaika adibide dugu: bor- txaz egindako atxiloketak, euroaginduak, Unai Errea abokatua atxilotzea...».
Guztiak «elementu larritzat eta Gobernu frantsesak gatazka konpontzeko duen borondate ezaren adierazle» jo zituen Enparantzak, Parisi «errepresioa utzi eta euskal herritarren borondatea errespetatzera» dei egin aurretik.
Arrieta aske da, bai eta atzo atxilotutako biak ere.
Ihintza Arrieta arratsaldean utzi zuen aske Polizia frantsesak. Hain justu, polizia etxearen aurrean 100 bat lagun elkarretaratzea egiten ari ziren bitartean berreskuratu zuen askatasuna; manifestariek txaloz hartu zuten kazetaria. Atzo, gainera, beste bi lagun preso hartu eta inkomunikatu egin zituen Poliziak, Askatasunak jakinarazi zuenez: Maite Remiro eta Anne-Marie Toyos. Ordu batzuk beranduago geratu ziren aske Toyosen kasuan poliziakideek hasieran esan baino beranduago, 22:30ak aldera. Operazio hau salatzearren, beste 15 lagunek mobilizazioa egin zuten Donibane Garazin.
Gainera, beste sei pertsona deitu zituzten galdekatzeko. Herenegun operazioa hasi zutenetik, hamaika pertsona galdekatu dituzte eta bi miaketa egin: Baionako Epaiska elkartearen egoitza, eta Donibane-Lohizunen Anai-Artearena. Galdekatutako asko azken 25 urteetan presoen eta senideen laguntza eta elkartasun taldeetan lanean aritutakoak dira. Tartean, 82 urteko Jakesa Haranburu, bi presoren ama.