Ihintza Arrieta atxilotu eta inkomunikatu du Polizia frantsesak Le Vert-en aginduz.
Ihintza Arrieta kazetaria atxilotuta eta inkomunikatuta dute Baionan, Le Vert epaileak herenegun abiatu operazioaren ondorioz. Beste lagun bat ere zenbait orduz izan zuten atxilotuta, eta gerora aske geratu zen. Atxilotuta ez dauden arren, hiru lagunek deklaratu egin behar izan zuten atzo, eta beste zazpi pertsonek gauza bera egin beharko dute gaur.

Laurence Le Vert epaile frantsesaren aginduz, amnistiaren aldeko mugimenduaren kontra herenegun abiatutako operazioak atzo aurrera jarraitu zuen. Hain zuzen, atzo goizean Basusarrin Ihintza Arrieta Gureak-Etxerat elkarteko kidea atxilotu zuten. Inkomunikatuta jarraitzen zuen azken orduan.
Halaber, Askatasunetik jakinarazi zuten bigarren atxilotu bat ere izan zela, errefuxiatu politikoen aldeko Baionako Epaixka elkarteko kidea. Dena den, 10.00etatik 14.35era arteko elkarte horren egoitzako miaketa amaitu ostean, jakin zen pertsona hori aske geratu zela.
Bien bitartean, operazio polizial beraren baitan orotara hamar lagun deitu dituzte deklaratzera. GARAk jakin zuenez, horietatik hiru atzo pasa ziren epailearen aurretik eta horiek ere aske geratu ziren. Gainontzeko zazpiek, aldiz, gaur deklaratu beharko dute.
Hamar lagun hauek ere Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan azkeneko 25 urteetan amnistiaren aldeko mugimenduko elkarte ezberdinetan lanean aritu diren eta dabiltzan kideak direla jakinarazi zuen Askatasunak.
Alabak aurrean zirela atxilotua.
Ihintza Arrieta, Gure Irratiako kazetaria, 6.00etan atxilotu zuen Polizia frantsesak Basusarriko etxean, eta alabak alboan zituen. Berri agentzia espainol batek azaldu zuenez, iturri polizialek ukatu egin zuten eguerdi aldean 31 urteko lagunaren kontrako atxilotze agindurik zegoenik, baina gauean Baionako komisaldegian inkomunikatuta jarraitzen zuela jakin zen.
Askatasunaren esanetan, Polizia frantsesak Donibane Lohizuneko Anai-Artea elkartearen egoitza ere miatu zuen eguerdian, eta bertara eraman omen zuen Arrieta ere. Orain dela 30 bat urte sortu zen euskal iheslari politikoen sostengurako aipatu elkarte hori.
Operazio horren kontrako adierazpenik eta mobilizaziorik ez zen falta izan atzo ere. Besteak beste, iluntzean, Baionako polizia etxearen parean elkarretaratzea egin zuten jazoera horiengatik protestan 140 bat lagunek. Mobilizazioa «Errepresioa ez da bidea. Utzi amnistiaren aldeko mugimendua bakean» lelopean egin zen.
Le Vert magistratu frantsesaren operazio berri hori, Askatasunaren iritziz, amnistiaren aldeko mugimendua kriminalizatzeko da: «Operatibo horrekin, euskal preso politiko eta errefuxiatu politikoen elkartasuna kriminalizatu nahi dute».
Prentsa ohar batean, elkarte horrek zera adierazi zuen: «Gure aldetik, ozen esaten dugu orain arte bezala lanean jarraituko dugula errepresioa salatzen eta euskal errefuxiatu politikoei sostengua ematen». Estatu frantses zein espainolari «gatazka konpontzeko bidean urratsak eman ditzatela» ere eskatu zien, eta «errepresioa bidea ez dela» gogorarazi.
Etxerat-etik, bestetik, zera gaineratu zuten: «Errepideetan hil nahi gaituzte, ekonomikoki odolusten gaituzte, eta, orain, atxilotze aginduak, elkartasuna eta maitasuna kriminalizatu nahian». «Zer gehiago gertatu behar ote du euskal preso politikoen eta senideon eskubideen defentsan eragile, alderdi politiko eta erakundeak lanean has daitezen», itaundu zuen.
Amnistiaren aldeko mugimenduak agerraldia egingo du gaur azken jazoeren berri gehiago emateko xedearekin.
Operazioaren muina ez da zehaztasunez ezagutu oraindik.
Herenegun abiatu zen operazioa agintzeko Laurence Le Vert epaileak izan ditzakeen argudioak oraindik ere zehazki ezagutzen ez diren arren, amnistiaren aldeko mugimendua jo puntuan duenik ez du zalantzan jarri Askatasunak. Ildo horretatik, herenegun jada elkarteak gogorarazi zuen abenduan mugimendu horren kontra jazotakoa. Orduan, Jean-Francois Lefort Askatasuneko bozeramailea atxilotu eta kartzelaratu zuen Poliziak, eta Maialen Carrere ere eraman zuen; gerora aske utzi zuten. Askatasunak bere jarduerari eutsiko diola dio, dena den.
Euskal Irratiak federazioko lankideen kezka.
Euskal Irratiak federazioko langileek (Gure Irratia, Irulegiko Irratia, Xiberoko Botza eta Antxeta Irratia) «elkartasun osoa eta goxotasuna» adierazi zioten lankide duten Ihintza Arrietari. «Kezkaturik gaude bera eta familiaren egoeraz, izan ere, komisaldegira deitu beharrean, nahiago izan dute bere etxean bortizki sartu eta Ihintzaren hogei hilabeteko semearen aitzinean etxea miatu», azaldu zuten prentsa ohar batean.
«Profesional handia da eta lankide bikaina, euskararen normalizazioaren alde lan egiten nabarmendu dena», azaldu zuten, eta zera erantsi: «Giza eskubideen arloan ere militante izan da Ihintza, batez ere, euskal presoen familien eskubideen alde, eta une zailenetan haiei babesa eta laguntza eman die».
Gaur atxilotua jarraitzen badu, Euskal Irratietako langileek hamabost minutuko elkarretaratzea egingo dute, 12.30ean, Baionako Gure Irratiaren egoitza parean: «Lehenbailehen ikusi nahi dugu berriz lanean. Lanerako bere seriotasuna eta mikroaren aitzinean erakusten duen irriñoa behar-beharrezkoak baititugu entzuleek eta guk».